NBE Nazio Batuen Erakundeak azalpenak eskatu dizkio Frantziako Gobernuari, hizkuntza gutxituei buruz duen jarreraren inguruan. Maiatzaren 31n bidalitako gutun batean, «kezka» agertu zion Parisi nazioarteko erakunde horrek, Frantziako Konstituzio Kontseiluak Molac legearen kontra hartu zuen erabakiak kalte garrantzitsuak eragin diezazkiekeelakoan Frantziako gutxiengo linguistikoen giza eskubideei. Hiru txostengilek izenpetu dute gutuna: Fernand de Varennes gutxiengoen gaietako adituak, Alexandra Xanthaki kultur eskubideetako adituak eta Koumbou Boly Barry hezkuntza eskubideetako adituak. «Frantziako hizkuntza eta kultura historiko gutxituetako pertsonen identitateari, duintasunari, askatasunari, berdintasunari eta diskriminaziorik ezari kalte egin diezaioke erabaki honek», hiru txostengileen hitzetan.
2021eko maiatzaren 21ean zentsuratu zuen hizkuntza gutxituen aldeko legea Frantziako Konstituzio Kontseiluak, hilabete eta erdi Frantziako Asanblearen gehiengo batek babestu zuena edukiz hustuz. «Funtsezko» bi artikulu bertan behera utzi zituela azpimarratu dute txostengileek: hizkuntza gutxituen murgiltze eredua Frantziako Hezkuntza Kodean integratzen zuen 4. artikulua, eta estatu zibileko dokumentuetan 'ñ' eta halako zeinu diakritikoak onartzen zituen 9. artikulua. Hiru txostengileek zehazten dute murgiltzea dela elebitasunera iristeko irakasmolderik «eraginkorrena», eta erabaki horrekin, hezkuntza publikoan ez ezik, itunpekoetan ere debekatzen dutela hizkuntza gutxituak murgiltze ereduan irakastea. Horiek horrela, NBEren arabera, «tratu ezberdina» du Frantziak, hizkuntza gutxituetan ala inglesez egiten diren irakaskuntzen artean.
NBEko hiru txostengileek Frantziako Gobernuari oroitarazi diote nazioarteko hainbat hitzarmen izenpetuak dituela; besteak beste: eskubide zibil eta politikoen nazioarteko hitzarmena; haurren eskubideen nazioarteko hitzarmena; nazio, etnia, erlijio edo hizkuntza gutxiengo baten parte direnen eskubideen adierazpena; eta abar. Horietan oinarrituta, «azalpenak» emateko eskatu diote Frantziako Gobernuari hiru txostengileek: Konstituzio Kontseiluaren erabakiaren gauzatzeari buruz, inglesaren eta hizkuntza gutxituen tratu ezberdinari buruz, eta hizkuntza gutxituen irakaskuntza eta erabilpena bermatzeko Frantziak hartu dituen neurriei buruz.