Ertzaintza 15 urteko gazte baten heriotza ikertzen ari da, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Adingabea Santurtzin (Bizkaia) bizi zen, eta bere senideek atzo topatu zuten etxean zerraldo, ohean. Gorpuak kolpe ugari zituen, eta litekeena da kolpe horien ondorioz hil izana. Beraz, Ertzaintzaren hipotesia da homizidio kasu bat izan dela.
Senideek larrialdi zerbitzuetara jo zuten, baina ezin izan zuten gaztea suspertu. Heriotza zerk eragin zuen ezin argituta, Bilboko Auzitegi Medikuntzako Zerbitzuaren esku utzi zuten gorpua, autopsia egiteko. Horren emaitzaren arabera, bortxazko heriotza izan da adingabearena, balizko eraso baten ondorioz. Hori dela eta, Ertzaintzak ikerketa bat zabaldu du, gertatutakoa argitzeko.