Arrauna

Arraun Lagunak, aurreneko irabazlea

Euskotren ligako lehendabiziko estropada irabazi du Bilbon. Erlojuaren aurka nagusitu zaie Oriori, Donostiarrari eta Tolosaldeari.

jarraia215437.jpg
Aitor Manterola Garate.
2022ko uztailaren 2a
18:22
Entzun

Euskotren ligak osatu du denboraldi honetako estreinako bidaia, eta Arraun Lagunak izan da bandera astintzen aurrenekoa. Bilbon egin du hori, erlojuaren aurkako estropadan. Oriori bost segundo sartu dizkio, 11 Donostiarrari, eta 20 Tolosaldeari. Iaz liga irabazi eta gero, goi-goiko koskan segitzen du Donostiako taldeak.

Aurreko urteko sailkapen nagusiaren atzekoz aurrerako hurrenkeran egin dituzte lanak. Iaz ez zen, baina igoera lortu zuen Tolosaldea izan da aurrena ateratzen. Donostiarra joan da gero, eta Arraun atera da azken. Ura gora doala, marea erdia pasata zela egin dute arraun. Haizea dezentekoa: joateko kontra, eta etortzeko, alde.

Oriok ekin dio indartsuen lanari. Arrauni segundoa sartu diola ere eman dute denborek. Donostiarra ez zen urruti, segundo bat gehiago eginez. Hasieratik batere aukerarik gabe Tolosaldea geratu da. Aurreikuspenak betez zihoazen: bi faboritoak lehen bi postuetan. Donostiarra ere dotore, itxura onena emanez. Ziabogara bidean, ordea, Salveko zubitik haraino, gauzak aldatu egin dira. Arraunek hartu du burua, Oriori lehen lekua kenduz, eta Donostiarra atzerago geratu da. Tolosaldea ere bai, lehen baino beherago. Arraunek hiru segundo sartu dizkio Oriori ziaboga bakarrean, lau Donostiarrari, eta hamabi Tolosaldeari.

Bueltako luzea eremuaren erditik egin beharra zegoen, itsas-lasterraren aldeko indarra baliatzeko. Traineru guztiek hartu dute norabide hori. Horretan ez da alderik egon. Traineru bakoitzaren barruan egindako lanean, bai. Haizea etsai izan dute arraunean ondo egiteko. Arriskua handia izan da arraunketa galtzeko haizearen eraginez, eta Arraun, behintzat, ondo moldatu da horretan ere. Oriok eutsi egin dio gutxi asko lehen zatiko denboretan Arraunekiko, baina ez du eman hari bandera kentzeko moduan zenik. Bost segundoko galera ez da handia, baina ezin moztu oriotarrek.

Donostiarrak 11 galtzeak esan nahi du bigarren luzea luze egin zaiela, hainbat arrazoi tarteko. Edo beste biak baino gutxiago ibili da zati horretan, edo beste biak hauek baino gehiago. Taldearentzat albiste ona izan da Tolosaldeari atera dion koska: bederatzi segundo.

Bihar berriz ikusiko dute elkar lau traineruek. Donostian izango da (11:40), ligako bigarren jardunaldian. Gaurkoaren aldean baldintzak oso ezberdinak izango dira: itsasoan eta lerrokatuta.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.