Minutu gutxi falta ziren atzo 19:30etarako, baina herritar batzuk eta kazetariak baino ez zeuden Melillako Espainia plazan. Hain zuzen, leku horretan deitu zuten elkarretaratzera joan den ostiralean Melillako masakretik bizirik atera ziren migranteek, hesian izandako hilketak salatzeko. Bat-batean, oihu batzuk entzun ziren, geroz eta ozenago.
Demokraziaren etorbidetik migrante beltzen talde handi bat zetorren, «beltzen bizitzek inporta dute» oihukatuz. Eskuetan zekarten pankarta handi bat ere; Fronterako fluxuak bizitza hobetzen du irakur zitekeen bertan. Migranteek, apurka, plaza osoa hartu zuten. Eskuz eta ordenagailuz egindako afixak zeramatzaten esku artean; koloretsuak batzuk, zuri eta beltzean besteak. Zure ametsek ez dezatela hesi bat aurkitu irtetean, Ez dira mafiak, atzerritarren legea da edo Inor ez da ilegala zioten, besteak beste.
Elkarretaratzearen ondoren, zirkulu bat egin, eta isilik geratu ziren protestara bertaratutako guztiak, hildakoen omenez. Hegoaldeko mugan hildako gehiagorik ez, letra koloretsuez irakur zitekeen zirkuluaren erdian jarri zuten pankarta batean. Kandelek eta loreek apaintzen zuten. Isiltasuna hautsi zuen bozgorailuetatik irteten zen kantu batek; Hesi bat dago Melillan. «Ezerk inportako ez balu bezala; ez nire bizitzak, ez nire duintasunak», zioen emakume ahots batek. Gero, iberiar penintsula guztian egin ziren elkarretaratzeetan irakurritako komunikatu bateratua irakurri zuen Melillako herritar batek.
Horren ondoren iritsi zitzaien Melillako sarraskitik bizirik irtendako migranteei hitza hartzeko garaia. Horietako batek egin zituen ordezkari lanak. Azaldu zuenez, haien herrialdeetatik ihes egin behar izan dute migranteek, eta trantsizio herrialdeetan etorkin horien eskubide guztiak urratu dira. Besteak beste, Marokon gertatutakoa ekarri zuen gogora: «Batzuek galdetzen duzue zergatik ez garen Marokon gelditu. Bertara heldu ginenean, ACNUR erakundera joan ginen, eta asiloa eskatu genuen. Dokumentu bat eman ziguten orduan; geroago konturatu ginen paper soil bat zela, ez zuela inolako baliorik, kanporatuak izateko arriskua geneukala».
Hain zuzen, adierazi zuenez, «sarekadak» egiten zituen Marokoko poliziak, migrante beltzak «harrapatzeko»: «Eman ziguten dokumentua erakusten genienean, ezertarako balio ez zuela esan, eta Mauritaniako edo Arjeliako basamortura botatzen gintuzten».
Azaldu zuenez, Marokon ez daukate etxe bat izateko eskubiderik, eta, beraz, horregatik bizi behar izaten dute basoan. Hala ere, bertan eraikitako kanpamentuak erre eta janaria kentzen zieten Marokoko Jendarmeek, eta, azaldu zuenez, horrek bultzatu zituen hesia gurutzatzera. Mugan gertatutakoa ere azaldu du ordezkariak: «Hesian, poliziak gomazko pilotak eta negar eragiteko gasa bota zizkigun, baita makilekin jo ere. Gure lagun batzuk polizia autoekin zapaldu zituzten jendarmeek».
Horrez gain, salatu du Marokok hesian zauritutako batzuk derrigortu dituela Arjeliako Gobernuak bidaltzen dituela esatera: «Ez da egia, gu ez gaitu inork bidaltzen». Pedro Sanchez Espainiako Presidenteari ere zuzendu zitzaizkion migranteak: «Ez dezala gehiago esan mafiak garenik; benetako mafiak Espainiako Gobernuaren diruarekin finantzatzen dituzuenak dira». Oihu artean bukatu zen elkarretaratzea: «Atzerritarren legea hiltzailea!».