Arkautiko akademiatik (Araba) Donostiara 60 udaltzain berri eraman berri dituztela eta, LABek salatu du %90ek ez dakitela euskaraz, ez dutela dagokien hizkuntza eskakizuna betetzen, eta, beraz, ez direla «herritarren hizkuntza hautua errespetatzeko gai».
Arkautik egindako udaltzain berrien zerrenda Donostiako Udalak onartu izana ulergaitza da, sindikatuaren esanetan: «Udalak berak finkaturiko baldintzak hankaz gora bota ditu udalak, segurtasunari lehentasuna eman behar zaiolako aitzakia erabiliz». Jokabide hori «prebarikaziotik» hurbil dagoela ohartarazi du LABek, eta udal gobernuari eskatu dio kontratazioa bertan behera uzteko. Horrez gain, udalari eskatu dio «premiazko deialdia» egiteko. Izan ere, horixe da irtenbidea, LABen ustez: udalak bere deialdia egitea, eta, hala, udan lan egingo duten «udaltzain euskaldunen lan poltsa» osatzea. Gainera, duela hiru urtera arte hala egiten zutela oroitarazi du. Lan poltsa propioa sortuz gero, hautagaiei formazioa emateko aukera ere badagoela nabarmendu du. Erantsi du egun hainbat udalek hala egiten dutela, eta, beraz, «borondate politikoa» besterik ez dela behar horretarako.
Ez da berria arazoa, LABek azaldu duenez. Arkautitik iritsitako udaltzainen artean beti egoten dira erdaldun elebakarrak, zehaztu duenez, baina, hala ere, urtetik urtera egoera okertzen ari dela ohartarazi du, «hasieran salbuespena zena egun gehiengo handia bihurtuz». Herritarren hizkuntza eskubideak uda honetan «etengabe» bortxatuko dituztela salatu du, «euskaraz egin nahi duten herritarren hitzak ulertzeko gai ez diren eta euskaraz erantzuteko inolako ezagutzarik ez duten udaltzainez beteko baita Donostia».