Beste faltsutze salaketa bat; euskal artista bati dagokion bigarrena aste honetan. Oteiza fundazioak atzo esan zuen Donostiako Elizbarrutiko D'museoan ikusgai dauden Jorge Oteizaren eskulturak ez direla artistarenak; orain, salatu dute Ignacio Zuloaga pintorearen koadro bat ere faltsua dela. Z Espacio Cultural (ZEC) elkartearen hitzetan, Zuloaga fundazioak 2020an Zuloagarena balitz bezala aurkeztutako Arrateko itsua margolana ez da harena. «Oraindik ez dute nahikoa froga erakutsi hori ziurtatzeko».
Hiru dira Ignacio Zuloaga artistaren ondarea kudeatzen duten erakundeak: Zuloaga fundazioa da bata, Zumaiako artistari eskainitako museoa kudeatzen duen Z Espacio Cultural (ZEC) da bestea, eta artistaren Segoviako museoa kudeatzen duen elkartea da hirugarrena. Eta tira biratsua da hiru erakunde horien arteko hartu emana. Kasu honetan, Z Espacio Cultural elkartea da, zehazki, salaketa jarri duena, eta Zuloaga fundazioaren aurka egin du zehazki. ZEC elkartearen hitzetan, Arrateko itsua obra ez baitago "autentifikatuta", eta, ondorioz, ezin baita esan Zuloagarena denik.
Oteizaren kasuen ez bezala, ordea, Zuloagaren kasuan ez dago haren obraren katalogo arrazoiturik. BERRIAk kontsultatutako iturrien arabera, egon, badude Arrateko itsua izeneko koadro bati buruzko dokumentuak, baina testu horietan koadroa «handia» dela besterik ez da zehazten. Badago koadroaren izen bereko Zuloagaren marrazki bat ere. Koadroari buruzko zehaztapen gehiagorik ez dago, ordea.
Nerabezaroko lana
2020an aurkeztu zuten Zuloagaren Arrateko itsua lana, Eibarko San Adres elizan, eta artistak nerabe zen garaian margotutako lehen lanetako bat zela azaldu zuten aurkezpenean. Zuloaga fundazioak Chicagon erosi zuen lana, eta sinatu gabe dago. Hainbat urtez bilduta egon ondoren topatu zuten, eta fundazioko kideek azaldu zuten hari buruzko informazioa ematen zuten eskutitzak ere aurkitu zituztela harekin batera. Z Espacio Cultural elkartearen hitzetan, ordea, Zuloaga fundazioko kideek froga nahikorik gabe eman zuten ontzat koadroa.
Rafael Suarez Zuloaga pintorearen iloba eta haren lanaren oinordekoa da Z Espacio Cultural elkartearen zuzendaria. Hark Efe albiste agentziari adierazi dionez, «kasualitatea» izan da Zuloagaren faltsutze salaketa hain justu Oteizaren lanei dagokienaren ondoren heldu izana.
Igancio Suarez-Zuloaga da Zuloaga fundazioaren burua, eta baita koadroaren jabea ere. Artistaren birbiloba ere bada, gainera. Efe albiste agentziak jakinarazi duenez, ez du adierazpenik egin nahi izan faltsutze salaketaren berri izan ondoren.
Ikusi gehiago:Donostiako D'museoko Oteizaren lanak faltsuak direla salatu dute