Josu Etxaburu

«Herri gogoa berpizteko ekimen bat izango da»

Gure Esku-k eta Kataluniako zenbait eragilek Pirinioetako 400 tontor argiztatuko dituzte larunbatean. Europari mezu bat bidali nahi diote: «Erabaki nahi dugun bi herri gara». 

jarraia215340.jpg
Iosu Alberdi.
2022ko ekainaren 30a
13:47
Entzun

Zerura begira pasatuko ditu Gure Esku-ko eledun Josu Etxaburuk (Ondarroa, Bizkaia, 1961) larunbat iluntzera bitartekoak, eguraldia lagun ote duten ziurtatzeko. Erabakitzeko eskubidearen alde, Pirinioak argiztatzera doaz, Kataluniako zenbait eragilerekin batera: 21:30 aldera hasiko dira argiak pizten, ilundu ahala. Egitasmoa, ordea, ez da mendi erronka bat izango, «herri erronka bat» baizik; beraz, eguraldiak tontorretara heltzea galarazi dezakeen lekuetan bestelako ekintzak egingo dituzte. Etxaburu Jaizkibelen (Gipuzkoa) egongo da, ekitaldi nagusian, eta bertaratzeko deia egin die tontorretara joan ezin direnei ere.

Pirinioetako Bidea. Zer ekarriko du larunbatekoak?

Beste mugarri bat izango da. Nork ez du gogoratzen aurrenengo giza katean non egon zen? Badira elementu batzuk bihotzean gordetzen direnak. Larunbat honetako ekimena ere bihotzean gordeko dugu. Ederra izango da elkar aurkituko dugulako mendian, gure farola eta linternekin, gozatu ederra hartuko dugulako. Beraz, deia egingo dut, inor ez dadin damutu izena ez emateagatik.

Katalanekin elkarlanean egingo den lehen egitasmo handia izango da.

Askotan esan da mendiek herriak zatikatzen dituztela, eta gu kontrako argudioekin gabiltza. Pirinioetako 400 mendi argiztatu izana islatuko da, baina horren aurretik lana dago. Gogotsu gaude ikusten dugulako orain arte herri bakoitzak zer egin duen eta zer eman duen, baina oraindik ere ikusteko dagoelako herriok elkarrekin zer egin dezakegun. Lehen gauzatze praktikoa ekimen honetan ikusiko da, baina aurrerantzean ere elkarrekin lanean jarraitzeko hautu serioa egin dugu.

Zer helburu dituzue?

Europari mezu zuzen bat helaraztea. Erabaki nahi dugun estaturik gabeko bi nazio garela. Ikusten dugu Europak izango duela XXI. mende honetan estaturik gabeko nazioen herri nahien inguruan erantzunik ematerik; nahi badugu, behintzat, XXI. mendekoa herrien Europa ere izatea. Ona litzateke horiek estatu barneko arazoak direla pentsatu ordez, autodeterminazio eskubidea elementu prebentibo gisa hartuko balu.

Begia jarria duzue Europako beste zenbait eremutan ere?

Europan sortzen ari denak kasualitatetik gutxi du. Kontua da 2014an, Eskoziak lehen erreferenduma egin zuenean, gu Zurriolan geundela, mosaiko bat egiten. Olatu hori etorriko da, eta nik igerian harrapatzea nahi dut. Kontua ez da erreferenduma egingo ote dugun: kontua da noiz eta nola egingo dugun.

Egitasmoarekin herritarrei bultzada berri bat emateko asmoa adierazi duzue.

Herri gogoa berpizteko ekimen bat izango da. Ezin dugu ahaztu nondik gatozen. Azken bi urteak zailak izan dira. Estatus politikoaren inguruan, sarri esan da ez dela jendearen interesekoa, baina uste dugu ekimen bide bat izan daitekeela eztabaida eta herritarren parte hartzea sustatzeko.

400 mendi tontor argitzeko jendea behar da. Zer moduz doa parte hartzea?

Esperotakoa lortuko dugu, eta gainditzea ere espero dugu. Urtarrilean egindako aurkezpenean esan genuen euskal herritarrok 115 mendi gure esku hartuko genituela, eta 154ra goaz.

Zer-nolako erronkak iritsiko dira honen atzetik?

Ikusi beharko dugu zer-nolako oihartzuna lortzen dugun. Katalanekin baloratu beharko dira ondorioak, eta Gure Esku-ko kidegoak ere izango du zertaz hausnartu. Ikusita aurki hauteskunde garaian sartuko garela, bideak denon artean pentsatzeko garaia izango da. Argi dago gure helburua zein den: erabakitzeko eskubidea gauzatzea.

Hilabete hasieran esan zenuten: «Arazoa ez dago Katalunian eta Euskal Herrian; arazoa estatuetan dago».

Uste dugu gurean ez dagoela arazorik, arazoa dela estatu batena, zein ez den gai herri gogo horri irtenbide demokratiko bat emateko, nahiz eta estatu plurinazionaltzat daukan bere burua. Diote erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaidak gizartea zatikatzen duela, baina gu ez gaude horretan. Nola zatikatu dezake erabakitzeak gizarte bat? Demokratikoki sendotu egiten du.

Aurreko astean Eusko Legebiltzarrean izan zineten. Erabakitzeko eskubidea lege bihurtzeko prozesua hasteko eskatu zenuten.

Legebiltzarrera joateak bazekarren emandako hitza betetzea. Hamaika Gara ekimena aurkeztu genuenean, esan genuen sinadura bilketa bat egingo genuela, eta sinadura horiek, ez bakarrik erkidegoko legebiltzarrean, baita Nafarroan eta Iparraldeko estamentuetan ere, aurkeztuko genituela. Orain, beste batzuen plazan dago horri zer erantzun eman.

EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk gaia aztertzeko asmoa adierazi zuten.

Garrantzitsua da alderdi politikoek gaiari heltzea, baina beste paradigma aldaketa bat ere eman behar da. Estatus politikoaren gaian, titularretatik haratago joan behar den paradigma baten bila gabiltza. Hain da serioa gai hau, ezen herri hausnarketa bat behar baitu eta herri erronka gisa planteatu behar baita. Ezin da titular hutsetan geratu. Legegintzaldi batzuk badira adierazten dela gaiari helduko zaiola, baina oraindik ez zaio heldu. Eskertuko genuke udazken honetan zabalduko balute prozesua.

Nolakoa izan behar du prozesu horrek?

Prozesu horren parte izan behar dugu herritarrek, hasieratik. Bitartean, jarraituko dugu jendea aktibatzen eta burujabetza prozesu horretan parte hartzeko eskatzen. Konpromiso hori hartzen du Gure Esku-k. Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik erabakitzera jauzi egin nahi dugu, eta, gainera, erreferendum bidez egin nahi dugu; eta, gainera, nahi dugu legegintzaldi hau izatea erabakitzeko eskubidea legeztatuko duena.

Sinistu behar dugu baldintzak guk sortu behar ditugula. Bada zama bat guztiontzat, baina gauzak halaxe egiten dira. Badugu herritarrok ardura bat XXI. mendeko Euskal Herriarekin. Ihes egiten badugu, hori erabaki kontzientea izango da.

2023an hamar urte beteko dira Gure Esku-ren sorreratik.

Berezia izatea nahi dugu. Hamar urte ez dira alferrik betetzen. Pentsatu beharko dugu nola irudikatu. Arantzaz betetako bidea zen hartatik, zer-nolako lana egin den; hasiera-hasieratik, herrietan taldeak sortu, gure artean ere adostasunetara iritsi. Gentozen egoeratik iritsita. Gure Esku-k lortutako mugarri batzuk fruituak ematen ari dira, oso begi bistakoak direnetatik haratago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.