Sanferminak

Enrique Maia ardatz peñen pankartetan

Iruñek peñetako pankarten irudi txikiak, gaur egin duten aurkezpenean. BERRIA
Iker Tubia.
2022ko ekainaren 30a
13:30
Entzun

«Aurten gure pankartak dantzatu ahal izango ditugu Iruñeko kaleetan; giro onez eta festa onez beteko ditugu kaleak». Marta Aparizio Iruñeko Peñen Federazioko ordezkariak eta peñetako talde feministako kideak argi utzi zuen atzo Iruñeko peñak bestarako gogoz direla. Agerraldia egin zuten atzo eguerdian, Iruñeko Kondestablearen jauregian, karriketan dantzatuko dituzten oihaletako marrazkiak aurkezteko.

Enrique Maia alkatea da aurtengo izarra, haren jardunak ez baitu inor epel utzi. Amaiurko gudaren urteurrenak, pandemiak, Sergio Sayasen eta Carlos Garcia Adaneroren plataformak, zezen plazaren urteurrenak eta auzoetako arazoek ere toki nabarmena izanen dute oihaletan.

Mezu argia eman zuen Apariziok: «Jaiak bai, baina errespetutik. Kaleaz disfrutatu, baina arreta jarriz». Emakumeek «zoritxarrez» bestaz ezin baitute «%100 gozatu», eta edozein jarrera edo eraso sexistaren aurrean «adi» egoteko eskatu die herritarrei. «Inoren askatasunaren kontrako ekintza bat bera ere ez pasatzen uzteko eta ez onartzeko eskatzen dugu». Karrika ere aldarrikatu zuen: «Aurtengo sanferminak mugarri izatea nahi dugu, izaera herritarra eta kalea berreskuratuko dituztenak», esan zuen Apariziok. «Kalea da benetako jaia, eta kalea gurea da; hori transmititu nahi diegu hurrengo belaunaldiei»

Gaurkotasun satirikoa pankartetan

Oihaletako marrazkietan ere ikus daitezke eraso matxisten kontrako aldarriak. Hala ere, gai nagusiak bestelakoak dira. Maiak hartu du erdigunea: Nafarroako bandera erraldoia, protagonismo gosea, arrazakeria, euskararen kontrako jarrera, debekuak eta aparkatzeagatik ordainaraztea. Espainiako errege ohiaren ustelkeria ere aipatu dute zenbaitek, eta gerraren aurkako mezuak irakur daitezke ezker eskuin.

Ageri diren pertsonaien sexuari erreparatuz gero, nabarmen gehiago dira gizonak emakumeak baino. Agertzen direnen artean %71 dira gizonak eta %29 emakumeak.

Euskara eta gaztelania erabili dute pankarten egileek, eta aurten nahiko orekaturik dira bi hizkuntzak. Hala ere, gehiago dira gaztelaniaz idatzitako mezuak: %55. Bronce peña da pankarta euskara hutsez egin duen bakarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.