Melillako hilketak salatu dituzte EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk

Eusko Legebiltzarreko hiru alderdi horiek adierazpen bateratua egin dute, Melillako hilketak gaitzetsi eta Pedro Sanchezen hitzak arbuiatzeko.

Protesta Melillan, 37 pertsonen hilketaren ostean. F.G.GUERRERO
inaut matauko rada
2022ko ekainaren 30a
11:03
Entzun

Joan den ostiralean, 2.000 migratzaile inguru Maroko eta Melilla (Espainia) banantzen dituen hesia gainditzen saiatu ziren, eta, Marokoko Jendarmeriaren esku hartzearen ostean, 37 migratzaile hil ziren. 500 inguruk lortu zuten hesia gainditzea, eta horietako 133 CETI etorkinak behin-behinean hartzeko zentroan bakartu zituzten bost egunez, koronabirusa dela eta. Gertakari horiek salatzeko, EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk adierazpen bateratua egin dute gaur Eusko Legebiltzarrean. Melillan da Jone Arruabarrena BERRIAko berriemaile berezia.

Alderdiek elkartasuna adierazi diete jendarmeek hildako 37 pertsonen senideei. Bestalde, Pedro Sanchez Espainiako presidentearen hitzak arbuiatu dituzte; izan ere, gertakarien ostean, gobernuburuak adierazi zuen Espainiako eta Marokoko poliziek egoera «ondo konpondu» zutela. Atzo, baina, hitzak zuzendu zituen SER irrati katean: «Ez nituen ikusi Melillan gertatutakoaren irudiak», zioen Sanchezek.

Horiek horrela, hiru alderdiek eskatu dute ikerketa independente bat hasteko «berehala», gertakariak argitu, erantzukizuna norena den zehaztu, eta biktimen erreparaziorako neurriak hartzeko. Bestalde, hildakoen gorpuak identifikatzea ere galdegin dute, ostean aberriratzeko. Izan ere, giza eskubideen aldeko hainbat gobernuz kanpoko erakundek zenbait irudi argitaratu dituzte, non Marokoko poliziak ikusten baitira lurrean zuloak egiten gorpuak elkarrekin lurperatzeko, identifikatu gabe.

Gertakari horiek salatzeaz gain, Espainiak eta Europak migrazioaren aferan dituzten politikak kritikatu dituzte, eta galdegin «migratzaile guztien duintasuna» bermatzeko legezko bide seguruak sortzea. Bestalde, Europako Batasuneko herrialde guztien arteko lankidetza komun eta solidarioa eskatu dute mugetara iristen diren migratzaileen kudeaketan. Amaitzeko, hiru alderdiek giza eskubideetan oinarritutako migrazio politikak bultzatzeko borondatea berretsi dute, «eskuin muturreko ideologiek bultzatutako diskurtso xenofoboen eta praktika autoritarioen» aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.