Greba egun bateratua dute gaur Gasteizko Mercedes-Benzen. Langile batzordea zatituta dago, baina gaur (joan den ekainaren 22an bezala) lanuztea egiteko deialdi bateratua egin dute, eta, aurrekoan bezala, sekulako arrakasta izan du: sindikatuen arabera, langileen %95 ez dira lanera joan. Goizean goizetik piketeak egin dituzte lantegiaren sarreran, baina ez da istilurik izan.
Atzo ere egin zituzten lanuzteak ELAk, LABek eta ESK-k deituta, baina azkenean gainontzeko sindikatuek ere babestu zuten, eta ekoizpena geratzea lortu zuten.
Mercedesi dagokionez, sindikatuek protesta elkarrekin egitearen garrantzia azpimarratu dute, baina manifestazioan nork bere aldarrikapenak ditu azkenean. Ez dago pankarta bateraturik. @berriapic.twitter.com/2ZpWcUGhno
— Aitor Biain (@Aitorbi) June 30, 2022
Gaur, lanuztea ez ezik, protesta ere elkarrekin egin dute Mercedes-Benzeko sindikatu guztiek. Eta, lan malgutasunaren ordez, soldata igoera izango dute aldarrikapen nagusi, puntu horretan bat baitatoz guztiak. «Pankarta bakarra izango dugu, batzordean hala erabaki zelako. Hala ere, nork bere aldarrikapenak izango ditu», azaldu zuen atzo Igor Gebara langile batzordeko presidenteak (ELA). Azkenean ez da hala izan, ordea: nork bere aldarrikapenak egin ditu, eta ez da pankarta bateraturik izan. Arabako metalgintza sektorean deitutako mobilizazioekin batera egin dute manifestazioa, Bilbo plazatik hasita.
Jendetza batu da manifestaziora. Enpresa asko dira sektorean lan hitzarmena berritu nahian ari direnak: Mercedes, SDA Factory, Laminaciones, Altel, Ugo, Cie Gameko... “Arabako metala borrokan”; Metalgintzako ituna, borroka sindikala” oihu artean ari dira bidea egiten. @berriapic.twitter.com/zpRDWL3yw9
— Aitor Biain (@Aitorbi) June 30, 2022
Atzo arratsaldean, gainera, greba egun gehiago egitea ere onartu zuen langile batzordeak: uztailaren 6an, 7an, eta 8an egingo dituzte. Egun horietan Alemanian izango da Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Mercedeseko zuzendaritzarekin biltzeko.
Batasuna lortu nahian
Joan den asteazkenean ekin zieten Mercedeseko sindikatuek lanuzteei. Inoiz ez bezalako erantzuna izan zuen deialdiak –5.000 behargin inguru zeuden grebara deituta, eta %95 inguruk egin zuten bat, sindikatuen arabera–. Ordea, agerian geratu zen langile batzordearen zatiketa, lan itunaren edukien desadostasunak bultzatuta. Ez zen pankarta bateraturik egon, eta protesta ere bi bloke sindikaletan egin zuten.
Ordutik langile batzordearen batasuna lortzen ahalegindu dira ELA, LAB eta ESK. Izan ere, iritzia aldatu eta beste sindikatuei proposatu zieten aste osoan beharrean soilik atzo eta gaur egitea lanuzteak, sindikatu guztien artean. UGTk, CCOOk, PIMek eta Ekintzak ez zuten onartu, ordea. Horren ordez, bi greba egun adostu zituzten: ekainaren 30a eta uztailaren 6a. Atzo, ordea, gainerako sindikatuek ere babestu zuten deialdia, nahiz eta ez zuten parte hartu elkarretaratzean.
Ikusi gehiago: Soldatak eta lan malgutasuna gako Mercedesen lan itunaren negoziazioan