Txile

Biltzar Konstituziogileak prest du konstituzio berria

Azken aldaketak onartu zituzten atzo 154 konstituziogileek, eta testua Gabriel Boric presidentearen eskuetan utziko dute astelehenean, ekitaldi historiko batean.

Biltzar Konsituzionalaren egoitza, Santiagon. ALBERTO VALDES, EFE
jon ordonez garmendia
2022ko ekainaren 29a
11:07
Entzun

Txileko Biltzar Konstituziogileak amaitu du mandatua. 2019ko matxinada sozialari erantzuteko iragarri zuten konstituzio berria prest da, eta txiletarrek irailaren 4an bozkatuko dute, onartzen duten galdetuta. Biltzar Konstituziogileak astelehenean utziko du Gabriel Boric Txileko presidentearen esku konstituzio berria, ekitaldi historiko batean. Estatu parekidea, plurinazionala, soziala eta ekologikoa ezarriko du, txiletarrek onartzen badute.

Iazko uztailaren 5ean osatu zen Biltzar Konstituziogilea, Elisa Loncon maputxea presidente zela, eta atzo azken bozketan 154 konstituziogileen hiru laurdenek babestu zituzten azken aldaketak. «Lortu dugu, oztopo guztien gainetik. Zorionak, zailtasunak eta eztabaidak izanagatik epeak bete ditugulako», esan zuen atzo Maria Elisa Quinteros Biltzarreko presidenteak.

Maiatzean amaitu zituen Biltzar Konstituziogileak artikulu guztiak, eta harrezkero hiru batzordetan horiek orraztu dituzte, hitzaurrea idatzi dute, eta konstituzio batetik besterako trantsizioa egiteko arauak idatzi dituzte. Jatorrizko 499 artikuluak 390 izango dira azkenean. Azken lan horiek onartu zituen atzo biltzarrak.

Txiletarrek plebiszituan konstituzio berria onartzen badute, Augusto Pinochet diktadoreak 1980an ezarri zuena ordezkatuko du. Pinochetek utzitako hori da Txilek gaur egun dituen gabezia eta desoreka handien oinarri, eta konstituzio berrian eskubide sozialak, emakumeen eskubideak, jatorrizko herrienak eta ingurumen eskubideak jaso dituzte.

Albiste faltsuak

2019ko matxinadari erantzunez onartu zuen Sebastian Piñera orduko presidenteak prozesu konstituziogile bat egiteko aukera. 2020ko urrian txiletarren plebiszitu historiko batean konstituzio berri bat abiatzea erabaki zuten txiletarrek; %80k bozkatu zuten horren alde. Konstituziogileak aukeratu zituzten 2021ean, eta independenteek irabazi zuten; eskuina ez zen iritsi Biltzar Konstituziogileak artikuluak blokeatzeko ezarritako heren batera, eta horrek modua eman du konstituzioa aurrerakoia izateko.

Azken hamabi hilabeteetan, hedabide handietan konstituzio berriaren aurkako joera erabatekoa izan da, eta sare sozialetan ere haren defendatzaileei gogor jazarri zaizkie. Abliste faltsuak ohikoak izan dira kontrako iritzi hori zabaltzeko. Hala ere, lehen zirriborroa prest izan zenetik asko saldu da konstituzio berriaren testua kaleko postuetan, eta haren aldekoak auzoz auzo eta etxez etxe ari dira edukiaz informatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.