Heldu den ikasturtetik aitzina, euskara gehiago izanen dute Irisarriko (Nafarroa Behera), Barkoxeko eta Larraineko (Zuberoa) eskola publikoetan. Anne Bisagni-Faure Bordeleko Akademiako errektoreak jakinarazi du hiru eskoletako proiektuak onartu dituela. Hala, euskara hutsean arituko dira hiru ama eskoletan, eta, Irisarrin, lehen mailan ere indartuko dute euskararen presentzia. Badu hilabeteak eskola horietako gurasoak mobilizatzen ari direla, eta okupazioak ere antolatu dituzte azken asteetan.
Larrainekoa da kasurik enblematikoena. Iaztik egina zuten ama eskolan euskara hutsean aritzeko eskaera, baina erantzunik gabe zeuden orain arte. Martxo bukaeran, EEP Euskararen Erakunde Publikoaren egoitza aitzinean protesta egin zuten gurasoek, baina akademia ikuskariak uko egin zien haiekin mintzatzeari. Lehengo astean eskola okupatzea erabaki zuten. Azkenean, onarpena jaso dute. Barkoxekoa ere hein bereko proiektua da.
Irisarritik dator berrikuntza, ama eskolan ez ezik lehen mailan ere indartuko baitute euskararen presentzia. Errektoretzak «murgiltzea» deitu badio ere, ez da zehazki hala izanen. Lehen urtean, euskara hustean izanen dituzte lehen hiruhilekoko eskola orduak; ondoren, %75 eginen dituzte euskaraz, hirugarren urtea bukatu arte. Laugarren eta bosgarren urteetan, oren parekotasunean oinarritutako elebitasunarekin segituko dute. Irisarriko gurasoak «biziki pozik» agertu dira errektoretzaren erabakiarekin.
Frantziako Konstituzio Kontseiluak Molac legea edukiz hustu ondotik, Frantziako Hezkuntza Ministerioak euskarazko irakaskuntzari buruzko zirkularra atera zuen joan den abenduan. Dokumentu horretan, zehaztua da ikastetxeen esku uzten dutela ikasitako hizkuntza bakoitzari eskainitako denbora, eta «posible» dela «murgiltze metodoa» erabiltzea. Horren ondotik, ikastetxeentzako gida bat atera zuten, akademia ikuskaritzari proiektu eskaerak bideratzeko. Bordeleko errektoreak zehaztu du dokumentu horietan oinarritu dela erabakiak hartzeko orduan, eta, «murgiltze» metodoa aplikatzeak «hautazkoa» izan behar duela. Hala, azpimarratu du eskola horietako baten eremuan sartzen diren guraso batzuek beren haurra eredu elebakarrean eskolatu nahiko balute aukera izanen dutela baldintza horiek betetzen dituen eskola hurbilenean izena emateko.