Eusko Jaurlaritzak joan den asteartean jakinarazi zuen itunpeko ikastetxeek haur gutxiagorekin itundu ahal izango dituztela ikasgelak, eta atzo publikatu zuten agindua EAEko aldizkari ofizialean. EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioak ez du begi onez ikusten: «oso kezkatuta» daude agindu horren «edukiarekin eta helburuarekin» .
Hainbat kritika egin dizkio EHIGEk Jaurlaritzaren aginduari. Nabarmendu dutenez, jaiotza tasa apaltzearen ondorioz ikaspostu gutxiago beharko dira, eta Jaurlaritzak itunpekoei egin nahi die mesede, ikasle gutxiagorekin ere itunak mantenduz: «Ikastetxe pribatuen ezkutuko erreskate ekonomikoa eta interes publikoentzako kaltegarria den neurri bat litzateke hau. Ikaspostu gutxiago behar badira, ikaspostu gutxiago planifikatu behar dira, egungo gutxieneko ratioei eutsiz».
Halaber, esan dutenez, 2 urteko haurren gelak ituntzea jaso dute aginduan: «Ikasgela horiek ituntzea ez dago legean jasota, eta ez da hezkuntza akordioaren eztabaidaren parte izan; beraz, bereziki larria da Hezkuntza Sailak, agindu baten bidez, garrantzi handiko aldaketa bat sartzea inolako adostasunik gabe».
Gardentasun eske
Itunen agindua bai, baina Eusko Jaurlaritzak ez du oraindik argitara atera datozen urteetarako ikastetxeen planifikazioa. Gurasoen konfederazioaren arabera, «ikastetxe pribatuen eta horien patronalen esku baino ez dago», baina, nabarmendu dutenez, mota horretako ikastetxeen planifikazioak «modu erabakigarrian» baldintzatzen du eskola publikoen eskaintza ere. Horiek horrela, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari gardentasuna galdegin diote, baita sare publikoaren ordezkariekin negoziatzea ere.