Jaurlaritzak «gerra guztien aurka» egin du adierazpen baten bidez

Turtziozen (Bizkaia) egin du Gobernu Kontseiluaren bilera, Agirre lehendakariaren gobernua han ezarri zenetik 85 urtera

Bingen Zupiria eta Iñaki Arriola, gaur, Turtziozen. MIKEL ARRAZOLA / IREKIA
gotzon hermosilla
2022ko ekainaren 28a
13:03
Entzun

Eusko Jaurlaritzak Turtziozen (Bizkaia) egin du Gobernu Kontseiluaren bilera, eta, horrela, gomutan hartu nahi izan du Jose Antonio Agirre lehendakaria buru zuen gobernua ere han ezarri zela duela 85 urte, armada faxistak Bilbo hartu ostean. Urteurren horren harira, Jaurlaritzak adierazpen bat onartu du «legez eratutako Errepublikaren erregimenaren aurkako altxamendu militarra» gaitzesteko eta «gatazkak ebazteko baliabide gisa indarra erabiltzea» arbuiatzeko.

Adierazpenean, Jaurlaritzak «gerra oro» gaitzetsi du, eta, horrekin batera, «horren azalpenik berriena, Errusiaren Ukrainako inbasioa». Halaber, «indarkeriarik eza, elkarrizketa, multilateralismoa eta giza eskubideen defentsa» eskatu ditu nazioarteko harremanen oinarrizko printzipio gisa.

Frankismoaren kontra aritu ziren gidari eta milizianoei omenaldia egin die Jaurlaritzak adierazpenean, eta, horiekin batera, «gerraren izugarrikeriak, eta errepresioa, espetxea eta erbestea bidegabe jasan zituen belaunaldi oso bati». Bere jardueraren printzipio gisa, bake, askatasun, demokrazia, autogobernu, gizarte justizia, errespetu eta elkarrizketaren balioak berretsi ditu.

Turtziozeko Gobernu Kontseiluan zenbait erabaki hartu ditu Jaurlaritzak: besteak beste, Etxebizitzen Bizigarritasun Dekretua onartu du, aurrerantzean etxebizitzek izan beharko dituzten ezaugarri eta baldintzak arautzen dituena, eta zenbait diru laguntza bideratzea Urdaibai Bird Center egoitzarako eta ikertzaile gazteei doktoratu aurreko kontratuak egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.