Gaur LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna da, eta alderdi politiko nagusiek babesa eman diote: EAJk eta Ahal Dugu-k komunikatu bana zabaldu dute, eta EH Bilduk sare sozialen bidez helarazi ditu bere aldarrikapenak.
EAJren Eusko Legebiltzarreko taldeak bat egin du egunaren «ospakizunarekin», eta gogorarazi pertsona orok urte osoan duela bere genero identitatea eta sexu orientazioa «harrotasunez bizitzeko eta adierazteko eskubidea, konplexurik eta estigmarik gabe». Bide horretan lan egiteko prest agertu dira: «Errespetua, berdintasuna, askatasuna eta sexu eta genero orientazioagatiko diskriminaziorik eza aldarrikatzen ditugu, eta konpromisoa hartzen dugu indarkeria mota guztiei aurre egiteko eta indarkeria jasaten dutenei laguntzeko lanean jarraitzeko». Haien irudiko, LGTBI kolektiboak aurrera egin du gizartearen errekonozimenduaren alorrean, baita lege esparruan ere, baina gaur-gaurkoz LGTBIfobia existitzen dela aitortu du alderdiak: «LGTBIfobia errealitate bat da, eta, horregatik, konpromisoa hartzen dugu gure gizartean indarrean oraindik dauden askotariko diskriminazioen aurkako borrokan jarraitzeko eta esku hartzen duten botere publikoen eta gizarte eragileen eskutik egiteko, dibertsitateak, aniztasunak eta ezberdintasunak guztiok aberasten gaituelako».
EH Bilduk, berriz, protestetan parte hartzera deitu ditu herritarrak. Zenbait eragilek deituta, Donostian Bulebarrean elkartuko dira, 19:00etan; Bilbon, Jesusen Bihotzaren plazan, 19:30ean; Gasteizen ere 19:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan; eta Iruñean, 18:30ean, Baluarte plazan. Koalizio abertzalearen hitzetan, oraindik «asko» dago egiteko: «Gure bizitzek balio dutelako, estrukturalak diren politikak erdigunean jartzeko garaia da». Ordea, zoriontzeko eguna ere badelakoan daude: «LGBT+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko, lanean eta borrokatzen ari diren kide eta kolektibo guztiak zoriondu nahi ditugu, harrotzeko mugimendua osatzen dutelako».
Ahal Dugu-k ere ohar bidez adierazi dio babesa LGTBI komunitateari. Alderdi morearen esanetan, gaurkoa aldarrikapen eguna da, baina baita ospatzekoa ere. Halere, nabarmendu dute zenbait eskubide lortzeko dituztela oraindik: «Zisheteroarauari jarraitzen ez dioten pertsonak diskriminatzen eta bortxatzen dituen gizarte batean bizi gara oraindik, eta horren adierazle da LGTBIfobiak sustatutako gorroto delituen gorakada». Baina, hitz hutsez harago, konpromiso zehatzak dituztela ziurtatu dute: «Gure konpromiso politiko eta soziala berretsi nahi dugu lesbiana, gay, trans, bisexual, intersexual eta, oro har, zisheteronormatiboak ez diren pertsona guztien eskubideekin, urteko egun guztietan lan eginez, konpromiso hori politika zehatzetan islatua izan dadin, dagozkion giza baliabideekin, baliabide teknikoekin eta ekonomikoekin batera».