MEMORIA HISTORIKOA

Ezkaba eta La Cumbre jauregia memoria gune bihurtzea adostu dute EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak

Memoria Demokratikorako Legearen aplikazioaren denbora muga 1983ko amaierara arte luzatuko dute. Orain arteko proiektuan, 1936tik 1978ra bitarteko epea hartzen zuen legegaiak.

Ezkabako presoei omenaldia 2014ko maiatzean. IDOIA ZABALETA / FOKU
jon olano
2022ko ekainaren 28a
11:56
Entzun

Espainiako Kongresua uztail erdialdean da bozkatzekoa Memoria Demokratikoaren Lege proiektua, eta lege proiektu hori aurrera ateratzeko, zuzenketa batzuk adostu dituzte EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak. Mertxe Aizpurua indar subiranistako bozeramaileak gaur azaldu ditu horietako batzuk: besteak beste, hitzartu dute Ezkabako gotorlekua (Nafarroa) eta Donostiako La Cumbre jauregia memoria gune bihurtzea. Horren truke, gaur goizeko ponentziaren bozketan, bai datorren asteko batzordean, EH Bilduk bide emango dio lege proiektuari.

Ezkabako gotorlekuari dagokionez, EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak adostu dute «memoriaren leku» gisa egokitzeko, Nafarroako Gobernuarekin sinatutako lankidetza hitzarmen baten bidez. Legea indarrean sartu eta urtebeteko epean izendatu beharko dute memoria gune, eta, indar subiranistaren hitzetan, «memoria demokratikoa berreskuratu, babestu eta zabaltzeko jarduerak» egin ahal izango dira.

1938ko maiatzaren 22an, 795 presok egin zuten ihes espetxe frankista bihurtutako gotorlekutik. Horietatik, 207 tiroz hil zituzten toki berean. Beste hamalau, berriz, handik bi hilabetera fusilatu zituzten. Hiruzpalauk baino ez zuten lortu muga zeharkatzea. 7.000 pertsona inguru espetxeratu zituzten Ezkabako gotorlekuan: 1934an ailegatu ziren lehendabiziko presoak, eta 1936ko otsailera arte, 800 hartu zituen kartzelak. Hilabete hartan, gotorlekuko bizi baldintza gogorrek eragindako eztabaidaren ondorioz, denak atera ziren, amnistia baten bidez. 1936ko altxamendu militarra gertatu eta gero, frankistek erabili zuten eraikina espetxe gisa.

Bestalde, Donostiako La Cumbre eraikina Donostiako Udalaren esku uztea ere adostu dute. Espainiako Kanpo Arazoetako Ministerioaren egoitza izan zen Francoren udako egonaldietan, Aiete auzoan, eta Gipuzkoako Gobernadore Zibilaren bizitokia ere izan zen; han torturatu zituzten Joxean Lasa eta Joxi Zabala 1983an. Jauregiaren lurrak eta dokumentazioa Memoria Demokratikoaren Legea indarrean sartu eta gehienez ere urtebeteko epean utzi beharko dira Donostiako Udalaren esku.

Aizpuruaren hitzetan, «sinbolismo eta esanahi historiko handiko bi lorpen dira euskal herritarrentzat, eta aurrerapausoa dira memoria partekatua aitortu eta eraikitzeko bidean; are gehiago, bat datoz elkarte memorialistek urteetan eginiko aldarrikapenetik».

Legea, 1983raino

Beste neurri batzuk ere adostu dituzte: esate baterako, batzorde independente bat eratuko dute Francoren diktaduran izandako giza eskubideen urraketak argitzen laguntzeko. Batzorde horrek «giza eskubideen arloan ospe akademiko handia duten pertsonak» izango ditu, eta horiek txosten bat egingo dute dagoen informazio guztia sistematizatzeko. Aldi berean, ondorioak atera eta gomendioak egingo dituzte, biktimen errekonozimendu ofiziala eta erreparazioa bermatzeko.

Halaber, Memoria Demokratikorako Legearen aplikazioaren denbora muga 1983ko amaierara arte luzatuko dute. Orain arteko proiektuan, 1936tik 1978ra bitarteko epea hartzen zuen legegaiak. EH Bilduren iritziz, tramitazioa hasi zenetik, lege hori «guztiz beharrezkotzat» jo da, diktadura frankista nozitu zuten pertsona guztiei zor zaien «egia, justizia eta erreparazioa bermatuko dituen memoria partekatu bat eraikitzen aurrera egiteko».

Espainiako Gobernuak iazko uztailean onartu zuen lege aurreproiektua. Besteak beste, testuak barne hartzen du 1936ko estatu kolpearen eta ondorengo diktaduraren «gaitzespena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.