Gasteizko Lehen Auzialdiko 6. Epaitegiak erabaki du Eusko Alkartasunak aurtengo otsailaren 19an eta 20an eginiko kongresuan hartutako erabaki guztiak etetea. Alderdiko zuzendaritzarekin kritiko den sektoreak jakinarazi duenez, kongresuaren «zilegitasuna bermatzeko boto telematikoaren erregelamendurik edo antolamendurik ezean, epaileak irregulartasunak ikusi dituelako» erabaki dute kongresuan hartutako erabakiak etetea.
Otsaileko kongresuan, zuzendaritzak aurrera atera zituen txosten politikoa eta estatutu berria. Boto eskubidea zuten 249 konpromisarioetatik 133k hartu zuten parte; haiek aldeko 131 botorekin eta bi abstentziorekin onartu zuten txostena, eta aldeko 132rekin eta abstentzio batekin estatutuak. Izan ere, ildo kritikoko kideek uko egin zioten kongresuan parte hartzeari, eta bilkura propio bat egin zuten Gasteizko alkartetxean.
Orain, sektore kritikoak azaldu du haren ildoko konpromisario hautetsiek kongresua inpugnatu zutela, han hartutako erabakiak bertan behera uzteko kautela neurriak hartzeko eskatuta. Gasteizko Lehen Auzialdiko 6. Epaitegiak onartu egin du hori. Era berean, ildo kritikoak nabarmendu du ebazpenaren ondorioak «garrantzi handikoak» direla EAren barruan, argudiatuta bertan behera geratzen direla otsailean onartutako estatutu berriak eta kongresu horretan egindako izendapen guztiak. Beraz, indarrean jarraituko lukete Kongresuaren aurretik Nazio Batzorde Eragilea, Kontseilu Nazionala, Berme Batzordea eta Batzar Nazionala osatzen zuten pertsonen izendapenek.
Gainera, nabarmendu dute autoak «zuzeneko eragina» duela EH Bilduko organoen eraketan eta hauteskunde zerrendak egiteko osatu diren organoetan: «Izan ere, Eva Blancok Garaikoetxearen sektoreko pertsona guztiak kanporatu zituen horietatik, eta Sortuk eta EH Bilduk onartu zuten hori, baina orain zuzendu egin beharko da, Blancok egindako izendapenak baliogabetuta baitaude, berea baliogabetuta dagoelako».
«EH Bilduren proiektu politikoa suntsitzea» helburu
EAko zuzendaritza, ordea, ez dator bat erabakiarekin, eta autoa aztertzen ari da, errekurtsoa jarri ala ez erabakitzeko. Batetik, nabarmendu du kautelazko neurriei buruzko erabaki bat dela eta epaitegia ez dela auziaren muinean sartu. Era berean, erantsi du autoak ez diola eragiten kongresuaren deialdiari: «Deialdia behar bezala egin zen, garaiz eta behar bezala, eta ez dago kongresura deitu zuen Batzar Nazionala baliogabetu duen erabaki judizialik».
Zuzendaritzak kritikoen kontra jo du: uste du «afiliatu talde bat» saiatzen ari dela «epaitegietan irabazten 2016an, 2017an eta 2022an egindako kongresu nazionaletan demokratikoki irabaztea lortu ez zuena. Ez dute onartzen behin eta berriz Eusko Alkartasuneko afiliazioaren gehiengoak EH Bilduren alde egindako apustu politikoa». Ildo horretan, zuzendaritzak uste du kritikoek txosten politikoari aurkeztu zioten osoko zuzenketak argi uzten duela haien helburua «EH Bilduren proiektu politikoa suntsitzea» zela.