Azken asteetan Nafarroako erakundeek egindako «urrats instituzional garrantzitsuak» nabarmendu ditu Foro Sozial Iraunkorrak, eta legealdian eginiko aurrerapenen ondoriotzat jo ditu: «Nafarroan fronteetatik zubietara igarotzen ari gara». Halere, azaldu dute «bide luzea» dagoela egiteko, eta biktima guztien aitortza bermatzea eta «imajinario kolektiboaren» aldaketa sustatzea jo dituzte erronka nagusitzat.
Foro Sozialeko kide Terexa Fagoaga eta Fernando Armendarizek adierazi dute ezinbestekoa dela «biktima guztiei egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea» bermatzea, eta biktimenganako «diskriminazio adierazpenak» baztertzea. Haien esanetan, helburu horiekin bat egiten dute azken asteetan Nafarroako Parlamentuak eta Gobernuak hartutako erabakiek.
Batetik, parlamentuak Torturaren Biktimei Babesteko Nazioarteko Egunaren inguruko adierazpen bat onartu du; bestetik, Nafarroako Gobernuak torturari buruzko ikerketa ofizial bat egiteko esleipena egin du. Horrez gain, Polizia indarkeriaren eta eskuin muturreko indarkeriaren biktimak aitortu eta erreparatzeko foru legea ere aldatu du parlamentuak, haien kalte ordainak beste indarkeria batzuen biktimekin berdintzeko. «Biktima bat erreparatzeko tresna nagusia da», adierazi du Fagoagak.
Agus Hernan eledunaren hitzetan, horiek eta biktimen, presoen eta «memoria kritiko inklusiboaren» alorrean emandako gainerako pausoak legealdian egindako lanaren ondorio dira. Alderdien artean zein bestelako eragileekin lortutako adostasunen balioa nabarmendu du hark: «Horrek guztiak ekosistema egokia sortu du, aipatutako hiru alderdietan urratsak egin daitezen».
Lana ez da «oztoporik eta krisirik» gabe egin, Hernanen esanetan. Adibide gisa jarri du Bizikidetza Planaren inguruko eztabaida. «Oso une zaila sortu zen, adostasun zabala hautsi zuena», azaldu du. Halere, alderdi gehienen jarduna eskertu du, eta «zoriondu» egin ditu adostasunak birsortzeko lan egiteagatik.
Instituzioetatik haratago ere jarri dute begia, eta torturaren inguruko mugimendu sozialen lanari balioa eman diote; tartean, larunbatean Iruñean egindako mobilizazioari, Nafarroako Torturatuen Sareak deituta. Sindikatuen gehiengoak, eta bestelako eragile eta norbanakoek hari erakutsitako babesa ere azpimarratu dute.
Erronkak
Ekimen horiek «agertoki berri bat» finkatu dutela uste dute Foro Sozialeko kideek, «bigarren mailako biktimatzat» jo izan direnen aitortzarako eta erreparaziorako urratsak direlakoan. Halere, nabarmendu dute «bide luzea» dagoela egiteko.
Fagoagak adierazi du estatuaren biktimek ez dutela «inolako konfiantzarik» justizian, eta hori aldatu eta justiziarako sarbidea errazteko neurrien beharra adierazi du. Biktimen eta Nafarroako erakundeen arteko konfiantza «berreraikitzea» ere ezinbestekotzat jo dute, eta erakundeek arlo horretan duten «erantzukizun handia» nabarmendu.
Biktimez hitz egitean, ETAren biktimetatik haratago begiratzeko «imajinario kolektiboan» aldaketa bat eman behar dela ere uste du Foro Sozialak: «Biktima guztiak guztienak, gizarte osoarenak, direla ulertzen badugu, biktima guztiak babestu behar baditugu, aurrera egin behar dugu oraindik existitzen diren bereizkeria dinamika gurutzatuak gainditzen». Hala, biktimekin enpatia izateko eta haiek errespetatzeko deia egin du Fagoagak.