INDARKERIA MATXISTA

Kote Cabezudo argazkilariari 28 urteko zigorra jarri diote

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak bortxaketa delitu bat, sexu abusuen beste bat, haur pornografiako sei eta bi iruzur delitu egitea egotzita zigortu du.

Kote Cabezudo, 2018an haren kontra egin zuten epaiketa saio batetik ateratzen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
jon olano
2022ko ekainaren 27a
11:19
Entzun

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko Lehen Sekzioak 28 urteko eta bi hilabeteko espetxe zigorra jarri dio Kote Cabezudo argazkilariari, bortxaketa delitu bat, sexu abusuen beste bat, haur pornografiako sei eta bi iruzur delitu egitea egotzita. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak zehaztu duenez, ordea, haren espetxealdiak ezingo du hogei urte baino gehiago iraun, eta betetzat jo ditu behin-behineko espetxealdian egin dituen lau urteak. Horrez gain, 116.000 euroko kalte ordaina pagatu beharko die biktimei, eta hari leporatutako 217 delituengatik absoluzioa eman dio epaimahaiak.

Cabezudo martxoaren 7tik apirilaren 13ra bitartean epaitu zuten, eta fiskaltzak 250 urtetik gorako zigorra eskatu zuen harentzat. Maiatzaren 2an, haren behin-behineko espetxealdia amaitzekotan zela, auzitegiak aurreratu zuen Cabezudori zortzi urtetik gorako zigorra jarriko ziotela, eta orain eman du epaia.

Efe berri agentziak eman du epaiaren berri, eta EAEko Auzitegi Nagusiak baieztatu du ondoren. Sententzia 340 orrialdetan eman dute Maria Jose Barbarin, Ana Isabel Moreno eta Augusto Maeso epaimahaikideek. Besteak beste, epaimahaiak irudien izaera pornografikoa aztertu du, aintzat hartuta legerian haur pornografiatzat jotzen dela adingabeak «portaera sexual agerikoetan» agertzen diren irudi oro; magistratuek ondorioztatu dute biktimetako seiren kasua haur pornografiatzat jo daitekeela. Horietako lauren kasuan, haur pornografia webgune batzuetan hedatu zuela ebatzi dute, eta beste baten kasuan, irudiak hedatzeko asmoz zeuzkala gordeta. Haur pornografiako materiala prestatzeko delituari dagokionez, epaileek ondorioztatu dute bost biktimaren kasuan delitua preskribatuta dagoela, baina ez, ordea, baten kasuan —seigarrena—, eta, beraz, haur pornografia prestatzeko delitu bat egiteagatik ere zigortu dute.

Biktima helduen kasuan, berriz, epaileek ebatzi dute horiei ez zitzaiela iruzur egin irudiak eskuratzeko orduan, eta ez dagoela intimitatearen aurkako deliturik ere. Aldiz, frogatutzat jo dute bi iruzur delitu egin zituela Cabezudok argazkiak eskuratu ondoren; izan ere, andreetako bik beren irudi eskubideak erosi zizkioten argazkilariari, hark irudiak ezabatu zitzan bere webguneetatik eta saiatu zedin ezabatzen Cabezudorenak ez ziren beste atari batzuetatik. Emakumeek ordaindu egin zuten horretarako, eta akusatuak bere webgunetik kendu zituen, baina ez zuen «ezer» egin bereak ez ziren webguneetatik irudi horiek desagertu zitezen.

Argazkilaria, «nahieran»

Askatasun sexualaren aurkako delituei dagokienez, epaian jaso dute bortxaketa bat eta sexu abusu bat egin zituela argazkilariak bi andreren aurka. Magistratuek zehaztu dute gauza bat dela argazkilariaren estudiora beren borondatez joatea, eduki sexualak dituzten argazkiak egitea eta dirua jasotzea, eta beste bat argazki saioek iraun bitartean argazkilariak «nahieran» jokatzea emakumeen gorputzarekin: «Bi modeloek aurkakotasuna agertu zuten praktika jakin batzuekiko, baina hark ez zuen errespetatu haien askatasun sexuala, eta haien baimenik gabe egin zituen».

Cabezudoren auziari buruzko berri gehiago

Argazkilari ezaguna izana da Cabezudo, eta haren modeloek jarritako salaketengatik epaitu dute. Iruzurra, intimitatearen aurkako delituak, haurrekin egindako pornografia eta sexu erasoak egotzi dizkiote, besteak beste. 2013an jarri zuten akusatuaren kontrako lehen kereila. Hedabideetan-eta isilpean gelditu ziren haren kontrako lehen salaketak, eta justiziak ez zuen neurririk hartu akusatuaren kontra. 2018ko udaberrian kasuari buruzko albisteak oihartzuna lortzen hasi ziren, eta, urte hartako maiatzean, preso sartu zuten. Martuteneko espetxean dago geroztik, Donostian. Martxoaren 7an hasi zen auzibide nagusiko epaiketa. Hasieran, 121 urteko kartzela zigorra eskatu zuen fiskalak, eta 2.338koa akusazio partikularrak. Hilaren bukaeran, zigor eskea handitu zuen fiskalak, epaiketan delitu gehiagoren berri izan zuela argudiatuta: 250 urte eskatu zituen orduan, hasieran halako bi. Apirilaren 13an amaitu zen epaiketa. Defentsak beti argudiatu du argazkilariak modeloen baimenarekin jardun zuela, ez zuela deus okerrik egin. Hamazazpi andrek jarritako salaketak aztertu dituzte.

Epaiketan, Mario Diez akusazioen abokatuak nabarmendu zuen kasu guztien atzean beti «patroi» bera ageri dela: «iruzur» eginda erakartzen zituen modelo gazteak, eta nahieran erabiltzen zituen gero. Hori erakusten duten froga ugari zerrendatu zituen, eta jokatzeko era baten ondorio izan zirela esan zuen: «Hemen gertatu dena ez da modelo bakoitzari gertatu zaionaren batuketa bakarrik: portaera patroi bat zegoen atzean, eta akusatuak hamarraldiz hamarraldi zigorgabetasunez jarduteko era izan zuen horregatik».

Fiskalak, berriz, akusatuari leporatu zion «gezurra» besterik ez esatea auzibide osoan, eta haren kontrako frogak sendoak direla ere esan zuen. Gaineratu zuen modeloak, egiten zizkien argazkiak tarteko, horien erabilera zitalaren «uztarripean» zituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.