Euskara

Elhuyarrek, Sasoi eraikuntzak eta Euskarabenturak jaso dute Bai Euskarari saria

«Arlo sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko» egindako lana saritu du Bai Euskarari elkarteak.

Sari banaketa, Donostian. BAI EUSKARARI
2022ko ekainaren 23a
16:07
Entzun

Sasoi eraikuntzak, Elhuyarrek eta Euskarabenturak «arlo sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko» egiten duten lana saritu du Bai Euskarari elkarteak, Donostian egindako sari banaketan.

Sasoi eraikuntzak zerbitzua euskaraz emateko arreta eskaintzeko bidean egindako urratsak txalotu ditu elkarteak: «Langileen arteko harremanak eta bezeroekin dituztenak gero eta euskaldunagoak dira». Elhuyarri dagokionez, zientzia arloan eta beste zenbait esparrutan lortutako «erreferentzialtasuna» nabarmendu du. «Ezagutzaren bidean, gizarteari ekarpena egiten ari da», gehitu du, «erabateko eraldaketa garai honetan» euskarak dituen erronkei erreparatuta.

«Gazteen artean euskararen erabilera areagotzeko» egin duen lanagatik saritu dute, berriz, Euskarabentura. Bai Euskarari elkarteak adierazi du ezinbestekoa dela haien aisialdian eragitea, eta egitasmo horrek «zuzen-zuzenean» eragin duela nabarmendu du.

Bai Euskarari elkarteak duela 22 urte abiatu zuen Bai Euskarari ziurtagiriaren proiektua, eta egun 1.318 entitatek dute hura. Haiek egindako urratsen eta lorpenen balioa nabarmendu du elkarteko zuzendari Rober Gutierrezek. Azken urteetako lanari ere egin dio erreferentzia: «Alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko eta eragiteko xedez aritu gara urte hauetan, komunitatea sustatuz eta tresna, baliabide zein proiektu berritzaileak eraikiz eta partekatuz». Haren hitzetan, elkartea «ziurtagiri bat baino askoz gehiago» da egun, eta etorkizunean ere eremu berrietan eragiteko asmoa du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.