Lau gazte atxilotu zituen Frantziako Poliziak atzo goizean Senpereko inguruetan (Lapurdi). Etxe agentzietan izandako tindaketekin lotuta atxilotu zituzten. Atzo 23:00 aldera utzi zituzten libre, kargurik gabe. Baina ikertzen jarraitzen dutela ohartarazi dute.
Baionako prokuradore Jerome Bourrierek BERRIAri atzo baieztatu zion andeatzeak egitea eta mehatxu egin izana leporatzen zietela lau atxilotuei. Paueko (Okzitania) polizia etxera eraman zituzten. Atxilotuetako bat Senpereko hautetsia da, Senpere Bai talde abertzaleak jakinarazi duenez.
Atxiloketak salatzeko elkarretaratzea egin zuten Senperen, Utz gazteria bakean lelopean. EH Baik, Kontseilu Sozialistak, LABek eta Xuti Gazte dinamikak «berehala» askatzea galdegin zuten. «Higiezinen espekulazioa» salatu zuten: «Etxebizitzaren arloan bizi duen arazoari berehalako erantzun konkretuak atzeman ordez, Frantziako estatuak etorkizunaz kezkatuta agertzen den gazteria aktibo bat kriminalizatu nahi du». Iragan apirilean, ikerketa berarekin lotuta, beste lau gazte atxilotu zituzten.