Kostuen igoera «basatia». Horixe da epe laburrean elikadura eta elikagaien sektoreak daukan erronka, Jon Ander Egaña Basque Food Cluster elkartearen zuzendari nagusiak adierazi duenez. Batez ere energiaren eta lehengaien prezioen garestitzeak eragin die sektoreko enpresei. «Formulazioak moldatzen jarraitzen dugu, beste baliabide iturri batzuk bilatzen... Kostuek gora egiten dute, eta, azkenean, ekoizpeneko igoera horiek ezin diezazkiekegu kontsumitzaileei helarazi».
Egañak esan du kezkatuta daudela, enpresak «marjinak txikitzen ari direlako» aktibo egoteko. Alde ona ere ikusten dio, ordea, ekoizpen prozesuak «optimizatzen» eta «eraginkorrago egiten» ari direlako.
Cluster Eguna egin du Basque Food Cluster elkarteak goizean BECen, Barakaldon (Bizkaia). Elikagaien balio kate osoko 123 enpresa biltzen ditu klusterrak, eta, emandako datuen arabera, 2021ean %24 egin dute gora elikadura eta edarien sektorearen esportazioek Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. «Egoera gorabehera, 2021erako aurreikusita geneuzkan helburuak bete ditugu», azaldu du Manu Giner klusterraren presidenteak. 1.129 milioi euroren salmentak izan zituen sektoreak nazioartean, orotara egindakoen %74. Gainerakoa, %26, hiru lurraldeetan egin zuen. Sektoreak egindako «merkatu eta merkaturatze bideen» dibertsifikazioarekin lotu du datu ona Egañak.
Aldaketak kontsumoan
Kontsumitzailea aldatzen ari dela azaldu du zuzendari nagusiak, eta horregatik kontsumitzailea «erdigunean» ipintzea dela oraingo helburua. Elikadura jasangarriari erreparatu dio klusterrak, eta horren kontsumoa aztertu du. Ikusi dute abagune bat dagoela hor, kontsumitzaileek «gehiago» begiratzen baitiote jatorriari, baina, lortutako datuen arabera, soilik %5 daude prest gehiago ordaintzeko.
Gizarte joerak bakarrik ez, legeriak ere horretara bultzatzen dituela azaldu du Egañak: «Araudi gero eta zorrotzagoa daukagu, eta gaiari ekin behar diogu». Oraingo jomuga haien bazkideentzako bide orri bat egitea da.
Klusterrekoek adierazi dute 2020an %3 jaitsi zirela esportazioak, eta 2021eko datu onekin egin dute kontrastea. Ginerrek aitortu du zailtasun handiagoak dauzkatela orain: «Ziurgabetasun garaiak bizitzen ari gara, baina egoki kudeatzen ari gara».
Elikaduraren industriak eta zerbitzuek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiaren %10,7 osatzen dute. Ekoizleak (lehen sektorea), industria eraldatzailea, banaketa, merkaturatzea eta ostalaritza sartzen dira hor.
Horrez gain, Basque Food Cluster elkarteak emandako datuen arabera, 2020an Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar bakoitzak 1.998 euro gastatu zituen elikaduran, batez beste.