Goiko mapa interaktiboan ikus liteke sute bakoitzak zer hedadura izan duen; eremu osoa gorriz egon arren, horrek ez du esan nahi eremu osoa kiskali denik: suteek eragin duten eremua adierazten dute. Europako Batasunak lurraldea behatzeko erabiltzen duen Copernicus satelite sistemak eman ditu datuak. Gares aldeko suteak 6.200 bat hektareari eragin die, eta San Martin Unxekoak, 5.300 hektarea ingururi.
Javier Remirez Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne sailburu eta gobernuko lehendakariordeak atzo adierazi zuen «historikoa» izan dela suteek erretako eremua, 10.000 hektarea baino gehiago kiskali baitira azkeneko astean Nafarroan —Copernicus satelite sistemaren arabera, ia 15.000 hektareatan eragina izan dute suteek—. Neurria hartzeko: 11.000 hektarea ditu Aralarko parke natural osoak, eta 20.000 hektarea ditu Gorbeiakoak—. Soroetan, laboreetan eta, batez ere, basoetan egin du kalte gehien suak, Remirezen arabera. Kalteak oso handiak izan direla erantsi zuen; gobernuko ingurumen teknikariek jasoko dituzte, hain zuzen, kalteei buruzko datu ofizialak, eta horiek txostena egin arte itxaroteko eskatu du.
Asteazken honetan, Itza ondoko eremu batek su hartu du, trenbide ondoan, baina kontrolpean hartu dute arratsaldean. Egonkortzen ari dira sute guztiak, bart gaueko euriak eta suhiltzaileen lanak lagunduta. Horregatik, bertan behera utzi dute Nafarroako Babes Zibilerako Plana, baina indarrean dago suteak eragozteko planaren bigarren maila, eta sanjoanetan suak ez egiteko aholkua ere indarrean da —Iruñean eta Iruñerriko hainbat herritan bertan behera utzi dituzte, adibidez—. Hauek dira suteek azkeneko astean hondatutako eremuak:
Arguedas-Valtierra
Larunbat eguerdian hasi zen sutea Bardeako natur parkearen inguruan. Senda Vivako parkeko animaliak gertu zeuden sugarretatik, eta lan handia egin behar izan zuten husteko. Parkean zeuden 2.500 bisitari inguru ere leku seguru batera eraman zituzten. Nafarroako Gobernuaren arabera, ezin izan ziren salbatu animalia guztiak: han zeuden 800 animalietatik hamabi inguru hil ziren, suteak sortutako estresarengatik. Copernicusen arabera, 2.200 bat hektareari eragin die suteak han.
Leireko mendikatea
Azken astean Nafarroa kiskali duten suteetatik lehena izan zen. Ekainaren 14ko gauean izan zen ekaitz lehorrean erori zen tximista batek piztu zuen sua, eta berehala zabaldu zen baso lehorrean. Sutearen ondorioz, Leireko monasterioko fraideek eraikina utzi behar izan zuten. Azkenean, ostegun arratsaldean esan zieten itzul zitezkeela. Ordurako kontrolatua zuten sutea suhiltzaileek. Baina, astelehen arratsaldean, beste su bat piztu zen handik gertu, Tiermas herrian (Aragoi, Espainia), Nafarroako mugatik gertu. Berriz hustu zuten monasterioa, eta inguruko turistek ere ingurutik alde egin behar izan zuten. 360 bat hektarea kiskali dira han, Copernicusen arabera.
Legarda - Izarbeibar
Legardako sutea izan da egunotako handienetakoa —6.200 bat hektareari eragin die suteak—. Asteburuan, larunbat eguerdian piztu zen sua, eta hainbat eremutan zabaldu zen, Erreniega eta Esparaz mendien artean. Atzo arte egon zen su fokuren bat Arzotz eta Argiñaritz inguruan. Inguruko herritarrek, suhiltzaileek eta basozainek lan handia izan dute, eta lurrez zein airez aurre egin diete sugarrei. Hainbat herri hustu behar izan dituzte egunotan. Larunbat eguerdian, Eunate baselizatik gertu sute bat piztu zen, eta Muruzabalera, Obanosera eta Garesera zabaldu zen. Herri horretako hainbat auzo ere hustu behar izan zituzten, sute arriskuagatik.
Nafarroa erdialdea
Erdialdeko Nafarroan eragin ditu suak kalterik handienak egunotan. Oso gogorrak izan dira suteak Olletan eta Uxuen, esate baterako. San Martin Unxen ere etxeetatik oso gertu geratu ziren sugarrak. Inork minik hartu ez badu ere, kalteak oso handiak izan dira eraikinetan, nekazaritzarako lan tresnerian, basoan eta labore lurretan. Inguru horretako bizilagun askok etxetik kanpo pasatu behar izan dituzte zenbait egun, sugarren arriskuarengatik. Atzoko ekaitzak gogor jo zuen inguruan, eta egoera kontrolatzen lagundu zuen inguru horretan. 5.300 bat hektareari eragin diete suteek parte horretan, Copernicusen arabera.
Orbaibar
Sugarrek mendi eremu zabalak kiskali dituzte Orbaibarreko inguruetan (Leotz, Iriberri eta Irañeta), Alaitz mendi lerroaren hego hegalean. Atzo euria erruz egin zuen bertan, eta metroko hamabost litro inguru pilatu zituzten gauean. 310 bat hektareari eragin die suak han.
Tafalla
Ekainaren 18ko goizaldean piztutako suteak Tafalla inguruko labore lur batzuk eta pinudi bat kiskali zituen. Tafalla eta Larraga arteko etxalde batzuk eta industrialde bat gertutik zaindu behar izan zituzten, erretzeko arriskua zutelako. 350 bat hektarea kiskali dira han.
Estellerria
Larunbat arratsaldean piztutako sute batek basoa, fruitu arbolak eta labore lurrak kiskali zituen Arronitz eta Los Arcosko eremuetan; Copernicusen arabera, 70 bat hektareari eragin die. Suak lan handia eman die herritarrei eta suhiltzaileei. Inguru horretan Arabako eta Errioxako (Espainia) suhiltzaileen laguntza izan dute Nafarroakoek.