Azken orduak gorabeheratsuak izan dira Elisabeth Borne Frantziako lehen ministroarentzat. Dimisio eskaerei aurre egin behar izan die Frantziako Asanblearako bozetan Emmanuel Macronen ENS aliantza gehiengo osotik urrun gelditu ondotik. Azkenean, egunotako eskaera horietako batzuei kasu egin, eta dimisioa eman du. Macron presidenteak, baina, ez du onartu Borneren dimisioa, eta, beraz, jardun horretan jarraitu beharko du oraindik.
Gobernuak «lanean eta jardunean» jarraitzeko beharra ikusi duelako hartu du erabaki hori Frantziako presidenteak. Horretarako, oposizioarekin batzartzeko eta «kontsulta beharrezkoak» egiteko prest dagoela adierazi du, eta «irtenbide konstruktiboak» aurkitzeko lan egin behar dutela.
Herrialdeko ohituren arabera, lehen ministroak dimisioa aurkeztu ohi du hauteskunde legegileen biharamunean, nahiz eta hauteskundeak presidentearen alderdiak irabazi. Kasu honetan, baina, ez dago argi zergatik uko egin dion Elisabeth Borne lehen ministroak kargu horretan jarraitzeari. Hain justu ere, horri buruz mintzatzeko eta aurrera begirakoak zehazteko bilduko da gaur arratsaldean gainerako gobernukideekin.
Galdera asko airean
Igandean egin zen Frantziako Asanblearako bozen bigarren itzulia, eta erantzun argiak baino galdera gehiago mahaigaineratu ziren. Porrot itxurako garaipena lortu zuen Macron presidenteak, eta behe ganberan gehiengo osoa galtzeak erabat irauli zion bigarren agintaldiaren hasiera; iragan legealdian oposiziorik gabe aritu zen, baina datorrenean oposizioari aurre egin beharko dio. Adostasunerako beharraren garaian sartu da Frantziako politika; edo, Elisabeth Borne lehen ministroak argudiatu zuenez, «inoiz ikusi gabeko» testuinguru batean, «arrisku bat sortuko» duen egoera batean.
Ikusi gehiago:Macronen aliantza gehiengo osotik urrun geratu da