Suteak Nafarroan

Kontrolpean hartu dituzte Erreniegako eta Galipentzuko suteak

Kontrolpean hartu dute atzo Lodosan piztu zena ere. Leiren ere lasaiago daude, Esakoak norabidez aldatu duelako. Pertsona bat atxilotu dute, Esako hori propio piztu izana leporatuta.

Helikoptero bat ura hartzen, Eslaba herrian, atzo. VILLAR LóPEZ / EFE
2022ko ekainaren 21a
08:46
Entzun

Bihartik aurrerako iragarri duten euriaren zain, egoera hobetzen ari da, orokorrean, Nafarroan. Joan zen astetik pairatzen ari diren suteen fronte nagusietako bi egonkortze bidean direla adierazi dute, suhiltzaileen lanari esker. Atzo iluntzerako, «egonkortua» zuten Erreniegan piztu zena, eta gaur goizean baieztatu dute Galipentzu eta San Martin Unx arriskuan jarri dituena ere itzali dutela. Beste hainbat piztuta daude oraindik, eta ustez itzalita dauden suteak ere etengabe zaindu beharko dituztela adierazi dute, berriz piztu ez daitezen.

Ura etengabe bota zuten atzo Erreniegan, Obanos-Muruzabal inguruan, hegazkinetatik eta lurretik. Horri esker, bart egonkortutzat eman dute sutea.

Beste albiste ona Galipentzu eta San Martin Unxetik heldu da. Atzo kezkaturik mintzatu ziren Nafarroako agintariak, ingurune horretan pinudi bat sutan zegoelako eta gar handiak ikusten zirelako, 20-30 metrokoak. Halere, bazuten itxaropena, pinudiaren ostean soroak zeudelako, eta horietan azken egunetan lan handia egin dutelako su ebakiak egiteko. Azkenean, espero zena bete, eta gaur goizean itzalitzat eman dute.

Ikusi gehiago:Kronika: 'Errautsak utzitako etsipena'

Atzo arratsaldean beste sute bat piztu zen Lodosan, baina berehala hartu zuten kontrolpean.

Esa inguruan ere sute bat piztu zen atzo arratsaldean, Aragoiko (Espainia) aldean, mugatik 300 metrora. Beldur handia eragin zuen berriz ere Leireko monasterioan, haizeak harantz bultzatzen zuelako sua. Baina, azkenean, norabidea aldatu eta berriz Aragoirantz egin du. Pertsona bat atxilotu dute, su hori propio piztu izana leporatuta.

Euskalmeten eguraldi iragarpenaren arabera, Nafarroa erdialdean eta hegoaldean hego haizea bizi ibiliko da eguerdira arte. Tenperaturari dagokionez, 30 gradutik gora egongo dira termometroak. Arratsaldean, haizeak ipar-mendebaldera egingo du, eta iluntzean baliteke ekaitza izatea.

Pozik, baina zuhur

Suhiltzaileak batez ere Galipentzun ari dira arreta jartzen, Nafarroako Barne kontseilari Javier Remirezek gaur esan duenez. Prentsaurrekoa egin du egoeraren berri emateko. «Pozik baina poz horren neurriko zuhurtasunez esan behar dugu egoera ona dela atzo genuenarekin parekatzen badugu, eta batez ere asteburukoarekin».

Erreniegako sutea oraindik bizirik dagoela azaldu du, baina «gutxi gorabehera bideratuta» dagoela. Zuhurtzia eskatu du kontseilariak, edonola ere, egoera alda daitekeelako, eta une batean kontrolpean dagoena bestela egon daitekeelako bizpahiru orduren buruan. Ostegunera arte ez du espero eguraldia behar bezainbeste aldatzea.

Astearte eguerdian zortzi herri zeuden oraindik hustuta: Amatriain, Eslaba, Galipentzu, Galipentzuberri, Lerga, Makirriain, Olleta eta Santsoain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.