Macronen aliantza gehiengo osotik urrun geratu da

Ensemblek 246 diputatu bildu ditu Frantziako Asanblean, eta NUPES ezkertiarrak, 142. Abstentzioa %54koa izan da.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea, gaur goizean, botoa ematen. EFE
ander perez zala
2022ko ekainaren 19a
20:12
Entzun

Frantziako Asanblearako bozek galdera gehiago mahaigaineratu dituzte erantzunak eman baino. Emmanuel Macron presidenteak porrot itxurako garaipen bat lortu du, eta behe ganberan gehiengo osoa galdu izanak erabat irauli dio bigarren agintaldiaren hasiera; iragan legealdian oposiziorik gabe aritu zen, baina datorrenean oposizioari aurre egin beharko dio, eguneroko politikoa parlamentarizatzea eta estatuburua zigortzea erabaki baitute boto emaileek. Adostasunerako beharraren garaian sartu da Frantziako politika; edo, Elisabeth Borne lehen ministroak argudiatu duenez, «inoiz ikusi gabeko» testuinguru batean, «arrisku bat sortuko» duen egoeran batean. Kezka da nagusi gobernuan datozen hilabeteetan gerta daitekeenaz.

Macronek berak ez zuen espero gehiengo osoa berreskuratuko ez zuenik, eta kanpainan une oro geratu da agerian uste hori. Azken 25 urteetan estatuburuari gehiengo osoa ematea ohitura moduko bat izan da Frantzian, eta egungo presidentea joera hori bere horretan mantenduko zelakoan zegoen; ez da hala izan, eta Macron ohitu egin beharko da konpromisoa oinarri duen agintaldi batean gobernatzera. Frantziako presidentearen Ensemble aliantzak 246 diputatu izango ditu Asanblean —gehiengo osoa 289koa da—, duela bost urte baino ehun bat gutxiago; besteak beste, horietako 172 Renaissance Macronen alderdiarentzat dira, 43 Modem Mugimendu Demokratikoarentzat eta 30 Edouard Philippe lehen ministro ohiaren Horizonsentzat.

Estatuburu aukeratu eta bi hilabetera lortu ditu emaitzok Macronek. Abstentzio handia da arrazoietako bat (%54koa), eta bestea ezkerraren estrategia izan da, NUPES Herri Batasun Ekologista eta Sozial Berrian elkartuta aurkeztu baitira hamar bat alderdi —tartean, LFI Frantzia Intsumisoa, PS Alderdi Sozialista, EELV Europa Ekologia-Berdeak eta PCF Frantziako Alderdi Komunista—. Horri esker, ezkerra indartsu itzuliko da Asanbleara: 142 aulki lortu ditu aliantza horrek. Zehazki, LFIk 73 eserleku izango ditu; PSk, 26; EELVk, 21; eta PCFk, hamabost.

Hortaz, behe ganberan pisu eta eragin askoz ere handiagoa izango duen arren, NUPESek ez du lortu bere helburu nagusia betetzea: kohabitazio behartu, eta Jean-Luc Melenchon LFIko buruzagia lehen ministro aukeratzea. Halere, Melenchon pozarren agertu da jarraitzaileen eta hedabideen aurrean, eta esan du lortu dutela Frantziako presidentea ahultzea, eta hark gehiengo osorik ez izatea. «Egoera erabat espero gabea eta ikaragarria da. Alderdi presidentzialaren hondamendia erabatekoa da, denoi lezioak ematen zizkigunarena», adierazi du LFIko buruzagiak.

Orain, ikusteko dago ezkerreko aliantza osatu duten alderdiek zer estrategia izango duten Asanblean. Printzipioz, indar bakoitzak bere talde parlamentarioa osatuko du —gutxienez hamabost diputatu behar dituzte hori egiteko—, eta, kasu horretan, Melenchonen alderdia ez da izango oposizioko lehen alderdia.

Hain justu, NUPESen arrakastaren ondorioz, LR Errepublikanoek oposizioko lehen indarra izateari utzi diote, ordezkaritza txikitu baitzaie 64 diputatu arteraino, UDI Demokraten eta Independenteen Batasunarekin osatu duten aliantzan aurkeztuta; halere, proportzioan, emaitza baikortzat har lezakete, bigarren itzulian 90 hautesbarrutitan lehiatu baitira.

Hortaz, LRkoek erabaki bat hartu beharko dute datozen bost urteetarako: Ensemblek gehiengo osoa lortu ez duenez, legealdian izango duten pisua eta eragina erabili Macronen aliantzarekin negoziatzeko, edo une oro oposizioko lana egin. Christian Jacob alderdiko buruak esandakoaren arabera, bigarren aukeraren alde egingo dute, «oposizioan gaude, oposizioan geratuko gara» adierazi baitu inkesta etxeen estimazioak jakin eta berehala.

Halere, eta Macronek erabakiko duenaren zain, badirudi Borne alderdi eskuindarrari begira jarriko dela neurriak onarrarazten laguntzeko, betiere karguan jarraitzen badu. Lehen ministroa ahulduta geratu da, eta espero da Frantziako presidenteak lantaldea aldatzeko erabakia hartuko duela datozen egunetan, ministroetako batzuek ez baitute lortu norbere hautesbarrutian irabaztea.

Besteak beste, gaurko egoeraren erakusle da Macronen Asanbleako aliatu garrantzitsuetako bik ez dutela lortu diputatu kargua: batetik, Richard Ferrandek, iragan agintaldian Asanbleako presidente izandakoak; eta, bestetik, Christophe Castanerrek, joan den legealdian LREM Errepublika Martxan alderdiaren talde parlamentarioaren buru izan zenak.

Gobernuaren kasuan, Bornek eta Gerald Darmanin Barne ministro eta Korsikaren autonomiari buruzko Parisen negoziatzaileak norbere hautesbarrutietan irabazi dute, baita Damien Abad Elkartasunenen ministroa ere, zeina bi emakumek salatu duten bortxaketagatik, besteak beste. Brigitte Bourguignon Osasun ministroak, aldiz, ez du irabazi, beste ministro batzuei gertatu bezala.

Eskuin muturra, inoizko indartsuen

Eskuinerago, LRk ez bezala, Marine Le Penen RN Batasun Nazionalak gora egin du, nabarmen gainera, eta inoizko ordezkaritzarik handiena lortu du, eskuin tradizionala gainditzeraino; hala, talde parlamentario bat osatuko du, 89 diputatukoa, eta oposizioko lehen alderdia izango da. Eskuin muturraren kontrako fronte errepublikanoa, hortaz, geroz eta desitxuratuagoa dago.

Inkesta etxeen aurreikuspenak jakin eta berehala, Le Pen pozik agertu da haren alderdiak «talde indartsu, nazional eta errepublikano bat» bidaliko duelako Asanbleara, eta esan du «oposizio indartsu bat» izango direla printzipioz 2027ra arte iraungo duen legealdian, «erakundeak errespetatuta».

Abstentzioari dagokionez, Frantziako Asanblearako bozen bigarren itzulian ere handia izan da, %54koa; iragan igandean egindako lehen itzulian %52,49koa izan zen, eta gehien bat gazteek hartu dute botoa ez emateko erabakia. Horrek batez ere NUPESi egin dio kalte, horien artean baitu babesik handiena, asteotako inkesten arabera.

Gaurko emaitzek agerian utzi dute Frantziako politika parlamentarizaziora bidean dela, eta Asanbleak iragan agintaldian baino pisu askoz ere handiagoa izango duela datozen bost urteetan. Eta iragan apirileko presidentetzarako hauteskundeek ekarritako hiru poloko paisaia bere horretan mantendu dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.