Gaur goizeko hamarretan abiatu da Araba Euskarazen 42. aldia, Olarizun, Argantzon ikastolaren alde. Beroa zen eguneko protagonista nagusia izatekoa, baina hasiera ekitaldian Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak izan duten xextra izan da goizeko hizpide nagusietako bat.
Hasiera ekitaldian Liher Larrea Arabako ikastolen ordezkariak esan du «ezberdintasunak alde batera utzi eta elkarrekin dantzatzen ikasi» behar dela. Ondoren, ordea, honela mintzatu da Tellitu: «Ospakizun eguna izanik ere, badira ikastoloi egunaz guztiz gozatzea eragozten dizkigun laino batzuk ere». Ondoren, azaldu du hezkuntza itunean jasotako Euskal Hezkuntzaren Zerbitzu Publikoaren ideia ez dagoela gehiegi barneratuta hezkuntza komunitatean eta sindikatuetan, ezta alderdi politikoen artean ere.
«Guk euskal hezkuntza zerbitzu publikoa kontzeptua erabiltzea nahiko genuke, eta geure buruari galdetzen hasi gara ea akordioa sinatu duten alderdiek benetan horretan sinesten duten. Legea mahai gainean egoteko gutxi falta da, eta egoera horrek kezkatzen gaitu. Geure buruari galdetzen diogu benetan berdinak izango garen, eskubide eta betebeharrei dagokienez, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan sartuko garen ikastetxeak. Eta, zehatzago esanda, eta akordioaren sinatzaileei zuzenduta, argi duzue ikastolek hezkuntza sistemaren etorkizunean izango duten zeresana eta zeregina zein den?», galdetu du Tellituk.
Eta gero zuzenean zuzendu zaio Hezkuntza Sailari, sailburuaren aurrean. Tellituk salatu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako planifikazioa egiteko orduan «bat-batean» gelak ituntzeko irizpidea aldatu egin dela, eta arriskuan jartzen ari direla ikastola txikiek bizirik irautea, lerro bakarrekoentzat: «Proposatutako planifikazio ereduak gelak ixtea ekar bailezake, eta, sei urterako denez, hemendik sei urtera oso egoera larrian gera bailitezke». Ez du alferrik esan Olarizun, Argantzon ikastola baita Arabako txikiena. 2003ko urriaren 27an ireki zuten, eta egun 68 ikasle ditu. 2021-2022ko ikasturtean, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza ikastola horretan osorik egin duen lehen promozioa irtengo da bertatik.
Tellituk esan du arazo hori konpondu beharrekoa dela, eta euren ustez ez duela konponbide zaila. «Itxoin daiteke legea adostu arte ere, baina, bitartean, akordioak behar ditugu. Hezkuntza Sailaren eskuetan dago hori bideratzea. Egun dagoen planifikazioa ez dugu onartzen, baina egingarria ikusten dugu akordioa, duela hiru asteko planteamendura itzulita. Gu prest gaude, baina garbi utzi nahi dugu ere ez dugula ikastola bakar bat ere itxiko».
Hitza hartu duenean, Bildarratzek esan du gaurkoa festa eguna dela, eta ez dela horretaz hitz egiteko eguna. Gainera, erantzun dio ez dela hori gonbidatu bat hartzeko modua ere.
Beroa eta omenaldiak
Euskaltzaleak goizean goizetik bildu dira Olarizun, egun hauetako beroari aurre eginez. Goizean fresko bazegoen ere, lehen orduak pasatu ahala tenperaturak gora egin du, eta itzala eta eguzkitako krema dira eskura izan beharrekoak, besteak beste. Ibilbidea motza da, baina Haritza, Pagoa eta Ametza guneetan aukera ugari dago heldu eta haurrentzat. 19:00etan amaituko da jaia.
'Zortzi alaba dantzari' abestiaren koreografia dantzatu dute #Argantzun Ikastolako ikasleek.@HamaikaTb@EHIkastolak@arabaeuskaraz#ArabakoIkastolak#ArabaEuskaraz#zortzigarrenalaba#zortziakbaterapic.twitter.com/TkPCNQ6eFN
— Titxu (@estibiritxu8) June 19, 2022
8. alaba lelopean egiten ari dira jaia, Arabako zortzi ikastolek antolatua, Argantzongo ikastolarentzat eraikin berri bat egin ahal izateko dirua biltzeko helburuz. Zortzi ikastoletako bakoitzean komunitatearentzat lan aipagarria egin duen pertsona bana omendu dute; horiekin batera, Anjel Olalde ere omendu dute, hainbat urtetan Araba Euskaraz antolatzeko koordinazio lanetan egindako lanagatik.
Gainera, Arabako Alea aldizkariari ere omenaldia egin diote ekitaldian, «Araban euskararen alde auzolanean dabilen eta Araba Euskaraz-ekin ere askotan eskuz esku ibiltzeagatik».