Bilboko eta inguruetako airea atzo ozono «txarrez» kutsatu dela iragarri du Ekologistak Martxan taldeak. Azken egunetako bero boladak eragin du kutsadura; autoek eta industriak igortzen dituzten substantziak ozono mailak bereiztea eragin du hiriaren kanpoaldean, eta, elkarteak adierazi duenez, Bilbo, Barakaldo eta inguru horretako kostako eremuetako aire kalitateari eragin diote. Osasunari kalte nabarmenak eragiten dizkio halako kutsadurak, baina agintariek ez dute arriskuaz jakinarazi.
Azaldu dute erreakzio horrek ozonoa kaltegarri bihurtzen duela: «Ozono troposferikoa, ozono txarra izenez ere ezaguna, estratosferarenarekin kontrajarrita, nitrogeno dioxidoaren eta automobilek eta industria batzuek igorritako hidrokarburoen arteko erreakzioak sortzen du, eta bigarren mailako kutsatzailea da, eguzki erradiazioa dagoenean».
Hain zuzen, erreakzio hori gertatu zen atzo arratsaldean Bilbo inguruetan: «Ozonoaren informazio atalasea gainditu zen: aire metro kubiko bakoitzeko 180 mikrogramo ozono da ezarritako muga, ordubetean neurtua. Bi orduz jarraian gainditu zen kopuru hori kutsadura kontrolatzeko Arraizeko estazioan». Zehazki, adierazi dute 15:00 eta 16:00 artean 182 mikrogramo neurtu zirela, eta hurrengo ordubetean, 181 mikrogramo.
Arriskuak osasunarentzat
Kutsatuta dagoen aire hori arnasteak narritadura eragiten du begietan eta goiko arnasbideetan, eta biriken funtzioa ere murrizten du. Horrez gain, elkarteak azaldu du arnasbideetako gaixotasunak zein patologia kardiobaskularrak larriagotzea ere eragiten duela.
Arrisku horiek direla medio, agintariak derrigortuta daude atalasea gainditzen denean edo hori gertatuko dela aurreikusten denean herritarrei abisua ematera, batez ere herritar zaurgarrienei; haurrei, adinekoei, haurdun dauden emakumeei edo arnas aparatuko arazoak zein gaixotasun kardiobaskularrak dituztenei. Hala ere, elkarteak salatu du Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak ez dutela halakorik egin.