Jarraipena eta berrikuntza uztartzen dituen batzar bat amaitu du LAB Langile Abertzaleen Batzordeak, Miarritzeko Irati aretoan (Lapurdi). «Puntu eta jarrai bat», Garbiñe Aranburu orain arteko idazkari nagusiaren hitzak baliatuz. Berritasuna buruzagitzan dator, aurrerantzean bi buruko lidergoa izango baitu LABek: Aranburuk (Legorreta, Gipuzkoa, 1973) Igor Arroyorekin (Iruñea, 1978) partekatuko du lidergoa, koordinatzaile orokor izenarekin. Ildoei begira, aurreko biltzarrean bultzatutakoetan sakondu nahi du LABek: besteak beste, sindikatu feminista, euskalduna —nazioarteko kideen agerraldiak izan ezik, beste guztiak euskaraz izan ziren—, antirrazista eta independentista bat egin nahi du. «Euskal sindikalismo berria», LABen hitzetan.
Norabide horretan sindikatuko kideen babes zabala jaso du Aranbururen eta Arroyoren taldeak. Aranburuk aurkeztutako kudeaketa txostena ia aho batez berretsi zuten ostegunean batzarkideek, aldeko %99 botorekin. Eta hurbil geratu da nazio komite berriak atzoko saioan bildutako babesa: aldeko 389 boto jaso ditu, aurkako hamahiru, bi txuri eta hamar abstentzio. Hau da, %94ko babesa.
Hamalau kide izango ditu nazio komite berriak, eta horietatik zortzi izango dira emakumeak.
Etxaideren hitzak
Hain zuzen ere, LABek bere jarduera sindikala feminizatzeko eta feminista egiteko egindako urratsek eragin zituzten atzoko biltzarreko unerik hunkigarrienak. Gaia landu duen emakume taldea igo da oholtzara, eta Ainhoa Etxaidek hartu du hitza: 2008-2017an LABeko idazkari nagusi izandakoa da, eta alor feministako arduraduna orduz geroztik.
Txaloek etendako hitzaldian, Etxaidek emakume talde horren eta sindikatu osoaren lana aldarrikatu du, baina onartu du bidea ez dela «doakoa eta erraza» izan. «Bide hori izan da baita mina jasatea ere. Bide hori izan da emakumea izateagatik aurpegi txarrak jasotzea. Aitortu dezagun sindikatu honetan ere patriarkatuaren botere harremanak oraindik sufritzen ditugula. Oraindik badago zeregina».
Erreferentzia
Etxaideren ordezkoak, Aranburuk, feministen aldarri bat —bizitza erdigunean jartzea— bere eginez hasi du bere hitzaldia. «Bagara. Eta zer gara, ba? Goizero haurrari agur besarkada eman eta presaka autoko giltzen bila dabiltzan eskuak gara. Ogia oratzen duten eskuak gara. Trapuak kristalei ematen dizkietenak. Bizitza berri bati eusten dioten eskuak gara [...] Langileak gara. Eta gure eskuek, gure lanak sostengatzen du bizitza».
«Euskal Herriko langileak» direla nabarmendu du Aranburuk, eta langile klasearen aldeko borroka eta Euskal Herri «independente, sozialista, feminista eta euskalduna» sortzeko borrokan «tinko» jarraitzeko gogoa azaldu du.
Arroyok gogorarazi egin du LABek azken hilabeteetan aldarrikatu duena: Parisen eta Madrilen lortzerik ez dagoena Euskal Herrian borrokatu behar dela. «Euskal Herrian posible egin dezagun premiazko trantsizio ekosozialista eta feminista. LAB izango da horretarako akuilua. LAB izango da ezker independentistaren erreferentzia sindikala. Euskal Errepublika aldarrikatzeaz gain, sindikalismotik ere Euskal Errepublika eraikitzera goaz. Euskal Lan Kodea, Euskal Gizarte Segurantza, euskal esparru sozioekonomikoa eraikitzera goaz. Bustitzeko prest gara, eta busti egingo gara». Bustitzeko tresna?, «lantokietan borroka eta greba gehiago antolatzea».
Arroyok ziurtatu du LAB langile guztien etxe bihurtu nahi duela, «ertzetan dauden langileak erdira ekarriko dituen sindikatua», eta hortik aurre egin nahi diela diskriminazioei. «Egoera salatzera mugatzen ez den sindikatua. Proposamenak egiten dituena. Eraldatzaileak gara, bai. Euskal sindikalismo berria gara».
Internazionala, Eusko Gudariak eta Bella Ciao Italiako partisanoen abesti baten moldaera kantatuz amaitu dute X. biltzarra.