Gizartea

EAEko Arartekoak eskatu du adinekoen arta «giza balio nagusitzat» hartzeko

Zahartzaroko abusu eta tratu txarrez kontzientzia hartzeko nazioarteko eguna da bihar, eta arartekoak adierazpen instituzional bat kaleratu du. Zahartzaroak «arreta berezia» eta «erantzun publiko egokiak» merezi dituela esan du.

Adineko bi pertsona Donostian. GORKA RUBIO/ FOKU
edurne begiristain
2022ko ekainaren 14a
12:24
Entzun

Adineko pertsonei ematen zaien tratu txarrez kontzientzia hartzeko eguna da bihar, NBE Nazio Batuen Erakundeak hala erabakita. Ofizialki, Zahartzaroko Abusu eta Tratu Txarrez Kontzientziatzeko Nazioarteko Eguna da. Eta egun horren bezperan, EAEko Arartekoak adierazpen instituzional bat kaleratu du. Agirian azpimarratu du adinekoen aurkako abusu eta tratu txarrak errealitate bat direla, eta horri buruz gogoeta egiteko eskatu du, «zaintza» eztabaidaren erdigunean jarrita. «Bidezkoa da adinekoei itzultzea beraiek gizarteari eman ziotena. Horrela, zainketak agertu behar du giza balio nagusi gisa», esan du.

Adinekoen aurkako abusu eta tratu txarrak amaitzeko «esku hartze ugari» behar direla uste du arartekoak. Besteak beste, hauek aipatu ditu: gizartea «sentikorrago» izatea, profesionalak trebatzea, pertsonek beraien eskubideez kontzientzia hartzea, eta zainketari buruz sakon hausnartzea. Bide horretan, uste du zahartzaroari gizarteak eman beharreko erantzunaz gogoeta egitea ezinbestekoa dela, bereziki bakarrik dauden emakumeei dagokienez, eta baita erronka horri aurre egiteko behar diren politika publiko egokien inguruan ere.

Izan ere, arartekoak nabarmendu du adinak eta zahartzeak «kalteberatasun handiagoa» ekar dezaketela, eta «arreta berezia» eta «erantzun publiko egokiak» merezi dituztela. Uste du gero eta arreta handiagoa eskaintzen zaiola tratu txarren prebentzioari, bereziki tratu txar psikologikoa bada, baina oraindik ez dela aski erantzun publikoa. Horiek horrela, politika publikoak indartzeko eskatu du, osasun eta gizarte zerbitzuen eremutik batik bat. «Orobat, gizarteari ohartarazi behar zaio horrelako egoerak onartezinak direla, susmorik baldin badago alarmak aktiba daitezen». Edadetuei tratu txarrak ematen zaizkiela ozta-ozta azaleratu bada ere, EAEko Arartekoak gogoratu du datuek erakusten dutela uste baino gehiagok sufritzen dituela, maiz biktima bera egoera horretaz jabetzen ez bada ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.