Dozena bat guraso bildu dira goizean Irisarriko (Nafarroa Beherea) eskolan. Eskola ataria okupatu dute ikasleekin batera, beren kexua adierazteko. Izan ere, irailetik goiti euskara gehiago sartu nahi dute bigarren zikloko lehen hiru urteetan: lau egunetik hiru egin nahi dituzte euskaraz. Gainera, lehen urteko lehen hiru hilabeteak osoki euskaraz izatea galdetzen dute. Ikuskaritzari proiektua aurkeztu diote, baina oraingoz ez dute erantzunik jaso.
Jenofa Loihato gurasoa da, eta honela mintzatu da: «Haserre gara, proiektu bat pentsatua baitugu, eta ezin gauzatuz ari baikara, erantzunik ez baitugu ukaiten administrazioaren partetik». Zehaztu du 2019tik ama eskolan haurrek murgiltze esperimentazioa ezarria dutela, eta «aho batez» onartu dutela euskarazko ordu kopurua emendatzea bigarren ziklorako. Gurasoen gehiengoak, irakasleek eta herriko etxeak bat egin dute galdearekin. Alta, ez dute erantzunik ukan, eta «etengabeko oztopoak» ezartzen zaizkiela salatu dute. Loihato: «Beti erraten digute goaitatu behar dugula, eta heldu den urtean aurkeztu behar dugula gure proiektua. Guk irailetik goiti plantan ezarri nahi dugu ikasleek ama eskolatik segipena ukan dezaten euskaraz, eta, gainera, horretarako ahalak baditugu».
Gurasoak, gainera, proiektua atzeratzearen beldur dira, uste baitute Ikuskaritzak postu erdi bat ken dezakeela datorren urterako. «Hala gertatuko balitz, ez litzateke gehiago irakasle aski gure proiektua gauzatzeko», deitoratu du Loihatok.