Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak independentziaren eztabaida agenda politikoaren erdigunera ekarri nahi du berriz ere. Behin COVID-19aren pandemiaren unerik okerrenak gaindituta, agintariak arreta urteotako beste aferarik garrantzitsuenera bideratu nahi du, eta horregatik abiarazi du Erresuma Batutik ateratzearen eta horri buruzko erreferendumaren aldeko kanpaina: «Independentziaz hitz egiteko garaia da».
Eskoziako lehen ministroa herritarrak konbentzitu eta balizko bigarren galdeketa irabazteko tematuta dago, eta haren gobernua jada hasi da horretarako lan egiten. Sturgeonek uste du Eskozia «2014an baino askoz ere prestatuago» dagoela independentziarako, eta, ideia horri indarra emateko, jakinarazi du, gaurtik hasita, Erresuma Batutik ateratzearen aldeko argudioak bilduko dituen dokumentu sorta bat aurkeztuko diela herritarrei: Eskozia Berri Bat Eraikitzen.
Lehen txostena gaurko agerraldian atera dute argitara. Aberatsago, pozago, bidezkoago: zergatik ez Eskozia? deitzen da, eta, horretan, gobernuak Eskozia eta Erresuma Batua konparatzen ditu «konparagarriak» diren Europako beste herrialde batzuekin, azaltzeko zergatik uste duen herrialdeari mesede egingo liokeela independente izateak; tartean daude Austria, Danimarka, Irlandako Errepublika eta Suedia.
Sturgeonen arabera, estatu horiek Erresuma Batua baino «aberatsagoak, bidezkoagoak eta etenkitsuagoak» dira: «Zergatik ez Eskozia?». Are, gobernuburuaren ustetan, «beste ikuspuntu bat aurkeztu» beharra dago urteotan gertatu den guztiaren ondoren; hau da, «brexit-a, COVIDa, Boris Johnson».
Watch live: Building a new Scotland.
— Scottish Government (@scotgov) June 14, 2022
First Minister @NicolaSturgeon holds a press conference from Bute House, Edinburgh.#ANewScotlandhttps://t.co/yhJOgoD37Z
Gaurko aurkezpenaren ondoren, oraindik baieztatzeko dauden datetan, Edinburgok monetaren, zergen, defentsaren, merkataritzaren eta Europako Batasuneko kidea izatearen aferei buruzko dokumentuen berri emango du, besteak beste. «Ondorio oso argia da Eskozia askoz hobeto egongo litzatekeela herrialde independente gisa. [Balizko bigarren erreferendumeko] Hautuak informatua izan behar du», argudiatu zuen Sturgeonek atzo BBC kateak egin zion elkarrizketan.
Eskoziako oposizioko alderdiak haserre agertu dira gaurko jakinarazpenaren atarian bertan. Alderdi Kontserbadorearen auzi konstituzionaletarako eledun Donald Cameronek Sturgeoni egotzi dio «bere obsesioarekin aurrera jarraitzea», eta laboristen afera konstituzionaletarako bozeramaile Sarah Boyackek ere obsesio hitza erabili du gobernuaren planaz aritzean. «Jendea zailtasunak izaten ari da janaria mahai gainean jartzeko azken hamarkadako bizitzaren garestitzerik okerrenean», esan du Boyackek.
Iazko maiatzean egin zituzten Eskoziako Parlamenturako hauteskundeak. SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak eta Alderdi Berdeak eserleku kopurua handitu zuten, eta independentismoak 2011ko ordezkaritza lortu zuen berriz, inoizko handiena: 129 aulkitik 72.
Hala, Eskoziako lehen ministroak bozen gauean esan zuenez, «ez dago justifikaziorik» bigarren galdeketa blokeatzeko, hori delakoan «herrialdearen nahia»; gerora, iazko abuztuan, bi alderdi horiek koalizioan gobernatzea erabaki zuten, eta harrez geroztik argudiatu dute berriz ere herritarren babesa dutela galdeketa hori sustatzeko.
Edinburgoren bide orria
Balizko erreferendum horretarako bideak argia dirudi, SNPk iazko urtarrilean jakinarazi zuen bide orriaren arabera: Eskoziako Gobernuak bigarren galdeketa egiteko lege proiektua aurkeztuko du parlamentuan, datorren urtea amaitu aurretik bozkalekuetara deitzeko. Lehen ministroak ez du egutegi horren berri eman, baina esan du «datozen asteetan» emango diola «eguneraketa garrantzitsu bat» Eskoziako Parlamentuari.
First Minister Nicola Sturgeon says a way forward to a Scottish independence vote should be found with or without the backing of Westminster
— BBC Scotland News (@BBCScotlandNews) June 14, 2022
Live updates: https://t.co/MAynP7lmS8pic.twitter.com/z1he23c2Y9
Ziurrenik, Sturgeonek berriz eskatuko dio Johnsoni galdeketa egiteko baimena, eta hark ezezkoa emango dio, orain arte egin duen modura —gaur erantzun du ez dela «garaia» beste erreferendum batez hitz egiteko—; Eskoziako Parlamentuak, hortaz, galdeketa egiteko lege proiektua onartuko luke, eta, lege bilakatu aurretik —erregetzaren baimena behar du—, Londresek auzitara eramango luke, Erresuma Batuko Auzitegi Gorenera.
Eskozian lege eztabaida bat dago parlamentuak Erresuma Batuaren baimenik gabe independentzia erreferenduma antolatu dezakeen ala ez; izan ere, orain arte ez dute justiziara eraman aukera hori. Sturgeonek berak hori aitortu zuen BBCren atzoko elkarrizketan, eta gaur berretsi du galdeketak «legezkoa» izan behar duela, eta Londresen baimenik gabe ere hori egiteko bidea aurkitu behar dutela.
Ipsos Mori etxeak iragan maiatzaren 29an argitaratutako inkestaren arabera, Eskoziako herritarren %49k bozkatuko lukete Erresuma Batutik ateratzearen alde, eta %51k kontra.