Tortura

1979tik gaurdainoko tortura kasuak ikertuko dituzte Nafarroan

Giza eskubideen urraketei buruzko lanetarako lau laguntza deialdi adjudikatu ditu Nafarroako Gobernuak. Ikerketa lan horietako bat torturaren gainekoa da, eta EHUko Euskal Kriminologiaren Institutuak egingo du.

Martin Zabalza, iragan otsailean, Nafarroako Torturatuen Sarearen aurkezpenean, Berriozarko Musika Eskolaren kanpoaldean. IñIGO URIZ
joxerra senar
2022ko ekainaren 13a
13:47
Entzun

Nafarroan, frankismoaren urteetako eta trantsizio garaiko lehen urteetako tortura kasuak ikertu ziren, baina azken berrogei urteetakoak aztertzea falta zen.

Nafarroako Gobernuak hutsune hori betetzeko asmoa du, eta 1979tik gaurdainoko torturak aztertzeko deialdia adjudikatu du: EHUko Euskal Kriminologiaren institutuak egingo du ikerketa, Pako Etxeberriaren gidaritzapean.

Zehazki, giza eskubideen urraketak aztertzeko 70.000 euroko laguntza deialdia ireki du gobernuaren Bake eta Bizikidetza Zuzendaritzak, eta lanak eta kontratuak banatu dira. Torturaren inguruko ikerketa izango da horietako bat.

Beste deialdiak Medicus Mundi, Magale eta Cermin elkarteei adjudikatu zaizkie: Medicus Mundik prostituzioan diharduten emakumeek jasaten dituzten urraketen txostena egingo du; Magale elkarteak zaintzapeko gazteen errealitatea ikertuko du, eta Cermin elkarteak, berriz, konfinamenduak ezgaitasunak dituztenengan eta haien senideengan izandako eragina aztertuko du.

Torturari dagokionez, gogora ekarri behar da gobernuak zailtasun ugari izan dituela. Iragan legealdian, 2017an, Barkosen gobernuak giza eskubideen urraketak aztertzeko 30.000 euroko laguntza deialdia ireki zuen, eta EHUko Euskal Kriminologiaren Institutuaren esku geratu zen adjudikazioetako bat. Haatik, 1960tik 1978ra bitarte mugatu behar izan zuen ikerketa.

Izan ere, Mariano Rajoyren gobernuak helegitea jarri zuen deialdi horren kontra, Estatuaren abokatuaren bitartez eta administrazioarekiko auzi helegite baten bidez. Leporatu zion «egin ezin dituen txostenak» beste erakunde batzuei eskatzea.

2019ko urtarrilean, Nafarroako Justizia Auzitegiak arrazoi eman zioen Madrilgo gobernuari eta baliorik gabe utzi zuen adjudikazioa. Argudio gisa erabili zuen eskuin muturreko taldeen eta polizien biktimen 2015eko legea indargabetuta zegoela. EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuak frankismoaren urteetara mugatu behar zuen torturaren inguruko ikerketa.

2019ko udaberrian, parlamentuak aurrera atera zuen motibazio politikoko biktimen beste legea, eta, 2021eko maiatzean, Konstituzionalak bide eman zion. Hala, behin bide juridiko hori ziurtatuta, oraingoan Nafarroako Gobernuak ez luke eduki beharko oztopo judizialik aurretik egin nahi zuena egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.