Hauteskunde eguna dute gaur Ipar Euskal Herrian: Frantziako Asanblearako bozen lehen itzulia dute –bigarren itzulia datorren asteburuan egingo dute, hilaren 19an–. BERRIAk goizetik iluntzera emango du hauteskunde egunaren berri, eta kontaketaren berri izan ahala zabalduko ditu Ipar Euskal Herriko hautesbarruti bakoitzeko, Korsikako eta Frantziako datuak zein datu horiekin xehatutako albisteak.
Horrez gain, Euskal Irratiak hedabideak bozei buruz egingo duen mahai ingurua ere emango du webgunean BERRIAk. Emaitzei buruz nahiz kopuru horiek Ipar Euskal Herrian izango duten eraginari buruz hitz egingo dute solaskideek.
Hiru hautesbarruti, bi itzuli
Iparraldean hiru hautesbarruti daude, eta lehen itzulian 32 diputatugai egongo dira: 4. hautesbarrutian, bederatzi hautagai izango dira; 5. hautesbarrutian, 11; eta, seigarrenean, berriz, hamabi. Lehen itzulian diputatu izateko, bi baldintza bete beharko dituzte hautagaiek: botoen erdiak baino gehiago lortu beharko dituzte, eta boto kopuruak erroldaren laurden bat gainditu beharko du. Hautesbarruti bakoitzean inork ez baditu betetzen baldintza horiek, bigarren itzulian aukeratuko dituzte diputatuak.
Bigarren itzulian, baina, ez dira hautagai guztiak izango. Lehen itzulian erroldaren %12,5 baino gehiago lortu duten hautagaitza guztiak egongo dira bigarrengoan. Hori hautagai bakar batek lortzen badu, boto gehien lortu duen hurrengo hautagaia ere bigarren itzulira pasatuko da. Ostera, %12,5eko langa inork gainditzen ez badu, zuzenean boto gehien lortu duten bi hautagaiak pasatuko dira bigarren itzulira.
Ikusi gehiago:Asanblearako bozak, hamar gakotan