Trantsizio energetikoa

Basquevolt aurkeztu dute, bateria elektrikoak ekoizteko egitasmoa

Proiektua babestuko duen partzuergoa eratu dute erakundeek, ikerketa zentroek eta enpresek. 2027rako martxan egongo da Miñaoko fabrika; 700 milioi euroko inbertsioa egingo dute, eta 800 lanpostu sortu nahi dituzte.

Basquevolten patronatua aurkezteko ekitaldia, gaur, Arabako teknologia parkean. ENDIKA PORTILLO/FOKU
aitor biain
2022ko ekainaren 10a
14:22
Entzun

Abian da Basquevolt. Bateria elektrikoak ekoizteko lantegi handiak lehen urratsa egin du gaur asmo huts izateari utzi eta errealitate bilakatzeko. Proiektua babestuko duen partzuergoa aurkeztu dute Miñaon, Arabako teknologia parkean. Eusko Jaurlaritzak CIC Energigunerekin batera sustatu duen egitasmoan parte hartuko dutela iragarri baitute Iberdrolak, CIE Automotivek Enagasek eta EIT InnoEnergyk.

Asmo handiko proiektua da Basquevolt, 700 milioi euroko inbertsioa egingo baitu datozen lau urteetan energia biltegiratzeko teknologia propioa erabiliz egoera solidoko bateriak ekoizteko. Fabrika bat eraikiko du horretarako Miñaon; gisa horretako Europako lehena eta bakarra izango da, eta 2027rako martxan nahi du 10GWh ekoizteko helburuarekin. Zuzeneko 800 lanpostu sortu nahi ditu, gainera.

Bi urte baino gehiago iraun duen lanaren emaitza da Basquevolt, Nuria Gisber CIC Energiguneko zuzendariaren hitzetan. Ikerketa zentroa izan da proiektuaren bultzatzaile nagusia, hark garatu baitu orain arte inon erabiltzen ez den teknologia. «Teknologia propioa daukagu, hemen egindakoa, Europara eta mundura zabaltzeko, eta horrek harro sentiarazten gaitu, historia egiten ari garelako», azpimarratu du Gisbertek.

Askotariko gailuek behar dituzten baterien hornitzaile izango da Basquevolt, garraioaren sektoretik hasi eta kontsumorako gailu elektroniko aurreratuenetara, baita energia leku finko batean biltegiratzeko beharra dutenena ere. Bateria horiek «seguruagoak eta merkeagoak» izango baitira, eta, auto elektrikoen kasutan esaterako, «autonomia gehiago ahalbidetuko dute». Hain zuzen, Basquevolten bezero izateko konpromisoa azaldu du berriki Mercedes Benzek.

Mundura begira dago proiektua, edonola ere, eta 2030erako %10eko merkatu kuota izan nahi du Europan Basquevoltek. «Anbizio handiko helburua da, baina hori lortzeko bide egokian gaudela uste dugu», esan du Gisbertek. Datorren astean jakinaraziko dute proiektuaren kontseilari ordezkaria nor izango den.

Eusko Jaurlaritzarentzat estrategikoa da proiektua, eta teknologia bertan garatu eta ekoizteak duen garrantzia nabarmendu du Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako sailburuak. Izan ere, energiaren menpekotasuna murrizteko ez ezik, deskarbonizazio prozesuari eta trantsizio energetikoari aurre egiteko «tresna garrantzitsu bat» izango da Basquevolt.

Proiektua hasi besterik ez dela egin esan du Tapiak, baina helburua dela Europa osoan erreferente izatea. «Basquevolt autogintza sektoreari laguntzeko jaio da, bai, baina ez hori bakarrik; hainbat alorretako fabrikatzaileei irtenbide bat ematea nahi eta espero dugu».

Jaurlaritzak Next Generation Europako funtsetarako aurkeztu duen egitasmo nagusietako bat da Basquevolt. Handik lortu nahi du finantzaketaren zati bat, 200 milioi inguru, nahiz eta Tapiak behin baino gehiagotan azpimarratu duen baliabide faltarik ez duela izango dirua iristen ez bada ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.