Zalantzak ahalik eta gehien murriztu nahi izan ditu EBZk, eta gaur iragarri du uztaileko bilkuran euroaren interes tasa nagusiak puntu laurden igoko dituela, behin hurrengo hilabetearen hasieran zorra erosteari utzi ostean.
Eta ez hori bakarrik, irailean ere beste %0,25eko igoera aurreikusten dutela adierazi du, eta litekeena dela igoera hori handiagoa ere izatea. Epe ertainerako eta luzerako inflazio aurreikuspenen araberakoa izango da uda osteko goratzea; iragarpenak egungoak bezalakoak badira, edo okerragoak, igoera handiagoa izango dela aurreratu du EBZk. EBZko presidente Christine Lagardek gehiago zehaztu du: 2024. urterako %2,1eko inflazioa aurreikusten jarraitzen badute irailean, tasak %0,50 igoko dituzte.
Eta horrela, uztailaren 21eko bere bilkuran, tasa igoerarik gabeko 11 urteko aldiari amaiera emango dio Europako Banku Zentralak «inflazio oso altuari» aurre egiteko.
«Ez da urrats bat, bidaia bat da», adierazi du Lagardek bere agerraldian, azaldu nahian oso posible dela iraila eta gero ere tasen igoera gehiago etortzea. Europako Banku Zentralak uste du igoera «mailakatu eta jarraituak» egokiak izan daitezkeela.
Edonola ere, urrats bat izanda ere, gaur EBZk hartutako jarrera «urrats garrantzitsua» dela nabarmendu du Lagardek, banku zentraleko gobernu kontseiluak jarrera aho batez onartu duela esatean.
Aurreikuspen ilunak inflazioarentzat
Izan ere, inflazioari heltzeko prest dagoela argi utzi behar zuen banku zentralak, ikusita zein panorama duen prezioen bilakaerarekin. EBZren beraren iragarpenen arabera, martxoko txostenean aurreikusitako maila guztiak goratuko ditu inflazioak: aurten %6,8ko urteko tasa izango da; 2023an %3,2ra apalduko da, eta 2024an, %2,1era, EBZren %2ko helburutik zertxobait gora.
Jakina, prezioen igoera horretan eragin zuzena izan dute energia gaiek eta elikagaiek, baina azpiko inflazioa ere helburutik gora ikusten du banku zentralak hurrengo hilabeteetan: %3,3ko azpiko inflazioa iragarri du 2022an; %2,8koa 2023an eta %2,3koa 2024an.
Hazkunde ekonomikoari dagokionez, euroguneko ekonomiarentzat martxoan iragarritakoak hazkunde txikiagoak ikusten ditu EBZk barne produktu gordinarentzat 2022. eta 2023. urteetarako, %2,8koa eta %2,1ekoa, hurrenez hurren. 2024rako, ordea, martxoan ikusitakoa baino igoera handiagoa espero du: %2,1ekoa.