Foru hauteskundeak

EAJk irabaziko lituzke Arabako hauteskundeak, aldundiaren galdeketaren arabera

EAJ, EH Bildu eta VOX alderdiek gora egingo lukete, aldundiaren arabera, eta gainontzekoek behera egingo lukete.

EAJren agerraldia, 2019ko foru hauteskundeen aurretik. MARISOL RAMIREZ / FOKU
inaut matauko rada
2022ko ekainaren 9a
13:05
Entzun

Arabako Foru Aldundiak 2023ko foru hauteskundeen boto estimazioa egin du, maiatzeko inkesta baten bidez, eta, aurreikuspen horren arabera, EAJk irabaziko lituzke berriro ere hauteskundeak, botoen %30,4rekin. EH Bildu izango litzateke bigarren indarra, %23,2ko sostenguarekin. 2019ko hauteskundeetan baino botoen ehuneko handiagoa lortuko lukete bi alderdiek, eta EAJk eserleku bat gehiago lortuko luke: hemezortzi. EH Bilduk aurreko hauteskundeetan lortutako batzarkideak bermatuko lituzke, eta PPrekin borrokatu beharko litzateke beste bat izateko.

PSE-EEk, PPk eta Elkarrekin Podemos-IUk behera egingo lukete botoen ehunekoetan. Inkestaren arabera, sozialistak botoen %19tik %17,3ra igaroko lirateke, eta PP, berriz, %15,1etik %14,7ra. Elkarrekin Podemos-IUk, berriz, bi puntu galduko lituzke: bozen %10etik %8ra. Ciudadanosek %0,7 bakarrik lortuko luke, eta Batzar Nagusietatik kanpo egongo litzateke berriro.

Elkarrekin Podemos-IUk eta PSE-EEk eserleku bana galduko lukete, eta hiru eta bederatzi batzarkide izango lituzkete, hurrenez hurren. PP EH Bildurekin borrokatu beharko litzateke zortzigarren eserlekua lortzeko. VOXek botoen ehunekoa bikoiztuko luke gutxienez, %1,4tik %3,7ra igarota, eta Batzar Nagusietan sartuko litzateke lehenengoz, eserleku bat lortuta. Gainontzeko alderdi guztiek, batera, bozen %2,1 lortuko lukete.

Abstentzioak gora

Aldundiaren inkestako datuen arabera, abstentzioak nabarmen egingo luke gora. Izan ere, 2019ko hauteskundeetan parte hartzea %65,3koa izan zen, eta 2023an %52,1ekoa izatea espero da. 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan garbi ikusi zen joera hori, parte hartzeak %60tik %50,8ra egin baitzuen behera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.