Euskara

Seaskako irakasleek desobedientziara joko dute aurten ere

Azterketak euskaraz egiteko eskubidea ukatua zaienez ikasleei, brebetako azterketak zuzentzeari uko eginen diote irakasleek. Ondoko asteetan izanen diren gainerako ekintzetan ere parte hartzera deitu dute.

Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko ekainaren 8a
12:52
Entzun

Beste urte batez, desobedientziara joko dute Seaskako irakasleek, eta brebetako azterketak zuzentzeari uko eginen diote. Hala jakinarazi dute, gaur goizean, kolegio eta lizeoetako hainbat irakaslek, eta zuzenketetan parte hartzeko Frantziako Hezkuntza Ministeriotik jasotako deialdiak urratu dituzte prentsaren aitzinean. «Gure ikasleenganako elkartasunez erabaki dugu zuzenketetara ez joatea», esplikatu du Txomin Hiriart-Urruti Historia-Geografiako irakasleak. «Gure ikasleek euskaraz egiten dute azterketa, eta ez zaie zuzendua. Guk ere ez ditugu zuzenduko beste ikasleen brebetak».

Aspaldikoa da azterketak euskaraz egin ahal izateko eskakizuna, bai baxoan eta bai brebetan. Brebetari dagokionez, 1995etik Historia-Geografiako proba euskaraz erantzuteko baimena zuten ikasleek, eta Matematikan tolerantzia bat bazen; haatik, gaiak frantsesez emanak zitzaizkien ikasleei. 2016ko erreformarekin etorri zen aldaketa: lehenago ziren hiru probei beste bat gehitu zitzaien, zientzietakoa. 2017an aplikatu zen lehen aldiz, eta, gainerako probetarako bezala, euskaraz erantzun zuten ikasleek. Baina, 2018an, jarrera aldatu zuen Frantziako hezkuntza administrazioak: euskaraz erantzundako zientzietako azterketak bahitu zituzten zuzenketa zentroetatik, eta zuzentzaile erdaldunei zuzenarazi zizkieten. Hala, behar baino askoz ere emaitza apalagoak lortu dituzte ikasleek.

Iazko ekainean, desobedientziarako deia egin zuten ikasleek eta irakasleek, eta Donapaleuko (Nafarroa Beherea) zuzenketa zentroa okupatu zuten azterketen bahitzea oztopatzeko. Halaber, ikasleen kopien zuzenketa publiko bat antolatu zuten. Urte osoan ekintza bat baino gehiago egin dituzte: EEP Euskararen Erakunde Publikoaren biltzar nagusira sartu ziren martxoan, eta Pirinio Atlantikoetako Akademia Ikuskaritzak Ipar Euskal Herrian dituen hiru egoitza okupatu zituzten apirilean. Horren ondorioz, Bordeleko errektorearekin bilkura bat egitea lortu zuten, baina eskaera guziei bizkar eman zien hark.

Frantziako Konstituzio Kontseiluak Molac legearen artikulu batzuk bertan behera utzi ondotik, etengabeko negoziazioak izan dira Frantziako Gobernuarekin. Abenduan argitaratu zuten hizkuntza gutxituen irakaskuntzari buruzko zirkularra izan zen horren ondorioa. Bertan, bai brebetan eta bai baxoan probak euskaraz egiteko aukera aipatzen zen. Gauza bera dio EEPk, Seaskak eta Bordeleko errektoreak 2019an izenpetu zuten hitzarmenak ere. Baina Frantziako hezkuntza administrazioak uko egiten dio errespetatzeari.

Ekintzarako deia

Hiru eskaera plazaratu dituzte irakasleek: azterketak euskaraz zuzenduak izan daitezela, Hezkuntza Ministerioak Seaskarekin duen hitzarmena errespetatzea, eta Frantziako Estatuak ofizialki onartzea azterketak hizkuntza gutxituetan pasatzeko eskubidea. Horren harira, ondoko asteetan antolatuko diren ekintzetan parte hartzera deitu dute. «Uste dut aurten indarberriturik heldu garela. Borroka aspaldikoa da, eta gero eta indar handiagoz ari gara», adierazi du Eñaut Elosegi irakasleak. «Balio ez duena da deus ez egitea. Gurasoen ekimenak, Seaskarenak, negoziazioak, ekintzak, okupazioa, desobedientzia... horiek guziak uztartuz, irabazteko esperantzaz ari gara borrokan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.