Hizkunta gutxituen alde lan egiten duten eragileak biltzen dituen Pour Que Vivent Nos Langues kolektiboak (Gure hizkuntzak bizi daitezen) Frantziako Asanblearako bozetara aurkezten diren hautagaiei helarazitako galdetegien erantzunak argitaratu ditu mapa interaktibo batean. Molac legeaz, Frantziako konstituzioaren aldaketaz, eta hizkuntza gutxituen irakaskuntzari eman beharreko baliabideez eskatu diete hautagaiei, besteak beste. Frantziako Estatuaren meneko lurralde guzietan egin dute ariketa; Ipar Euskal Herrian hautagai gutxi batzuek baizik ez dute erantzun.
EH Baiko hautagaiek baiezkoan erantzun diete PQVNL kolektibokoen galderei, hizkuntza gutxituen aldeko eragileek dituzten eskaerekin bat egiten dutela erakustera emanez. Gauza bera egin du Iñaki Etxaniz NUPES Frantziako ezkerreko aliantzaren 4. hautesbarrutiko hautagaiak. Haatik, Ipar Euskal Herrian aurkezten diren beste bi hautagaiek, Sandra Pereirak (5. hautesbarrutia) eta Tom Duboisek (6. hautesbarrutia), ez diote galdetegiari erantzun.
Emmanuel Macron Frantziako presidentearen aldekoetan, 4. hautesbarrutian agertzen den Annick Troundayk ere ez du erantzunik eman. Vincent Bruk (6. hautesbarrutia) eta Florence Lasserrek hizkuntza gutxituen irakaskuntza garatzeko baliabideak hartzeko prestasuna erakutsi dute. Konstituzio aldaketa baten alde direla adierazi badute ere, koofizialtasunaren kontra agertu dira.