Joan zen ostiralean gertatu zen heriotza, baina gaur jakinarazi dute: Bermeoko Coviran supermerkatuan bihotzekoak jota hil zen 50 urteko langile bat. LAB sindikatuaren arabera, lan istripuan aurten hildako 32. langilea da, eta ezbehar ez-traumatikoen eraginez zendutako 11.a.
Sindikatuaren arabera, langilea autonomoa zen, eta frankizia denda txikian zebilen lanean.
LABek salatu du arazo kardiobaskularrak areagotu egin direla denda txikietako langileen artean, saltoki handien lehia dela-eta egin beharreko lanaren presioaren eraginez. Zalantzan jarri du patronalak arrisku horren aurrean ematen duen erantzuna, eta Eusko Jaurlaritzari ere leporatu dio arazo horri arreta berezirik ez jartzea. Galdetu dio ea Osalanen eta ikuskaritzaren lana egokitu duen.
«Urkullu jauna patronalaren eskutik absentismoaren aurka hitz egiten ikusi dugu berriki. Noiz hitz egingo du laneko erailketen aurka?».
Berehalako neurriak eskatu dituzte, tartean «benetako kontrola eta politika zehatzak».