Etxebizitza

Alda: «Interes pribatuak lehenetsi dituzte, interes orokorraren gainetik»

Alda mugimenduarentzat oso larria da Paueko Auzitegiak konpentsazio neurriak bertan behera utzi izana. Etxebizitza turistikoen kontra tresna guztiak erabiltzera deitu ditu herritarrak eta Elkargoa.

Alda mugimenduaren biltzarra, gaur, Hiriburun. ALDA
Jon Ordoñez Garmendia - Irati Urdalleta Lete
2022ko ekainaren 4a
11:03
Entzun

Alda mugimenduarentzat oso larria da Paueko Administrazio Auzitegiak turismo etxeen konpentsazio neurria atzera bota izana. Atzo hartu zuten erabakia, eta gaur goizean Sebas Cristy Aldako kidea «oso haserre» agertu da Euskadi Irratian egin dituen adierazpenetan. Esan du interes pribatuak lehenetsi dituztela interes orokorraren gainetik.

Euskal Hirigune Elkargoak martxoaren hasieran erabaki zuen aurre egitea turismorako bizitegien hazkundeari. Haren arabera, turismorako bizitegi bat alokagai jartzen dutenek urte osoan beste bat eskaini beharko zuten, konpentsatzeko. Neurri hori, ordea, bertan behera utzi du Paueko auzitegiak. Euskal Elkargoak helegitea aurkeztuko du Paueko Auzitegiaren erabakiaren kontra, eta hori poztekoa dela esan du Aldako kideak, baina denbora galduko dela adierazi du: «Hilabeteak pasatuko dira, eta etxebizitzak galduko dira denbora horretan, turistikoak bihurtzeko. Gaur larria den egoera larriagotu egingo da hemen bizi nahi dutenentzat», salatu du Cristyk. Herritarrak eta Elkargoa bera deitu ditu etxebizitza turistikoen kontra tresna guztiak erabiltzera.

Hain zuzen, gaur goizean Hiriburun (Lapurdi) bildu dira Aldako kideak. Biltzarrean egitekoa den hitzaldietako batean konpentsazio neurriak Frantziako toki batzuetan ekarri dituen onurak azalduko dituzte. «Auzitegiek erran dute justifikatua dela. Parisen ere bai. Ez dugu hau ulertzen», azaldu du Cristyk. Etxebizitza sozialaren arazoa ere hizpide izango du Aldak biltzarrean.

«Kataklismo bat»

Erabakiaren berri izan ondoren, Jean-Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak, Daniel Olzomendi Turismorako hautetsiak eta Filipe Aramendi Urruñako auzapezak (Lapurdi) agerraldi bat egin zuten atzo. Etxegarairen ustez, auzitegiaren erabakia «kataklismo bat» da. «Azken bi urteetan irabazi hutsezko helburuarekin esplotatu duten higiezin zibil gaixo horien alde paratu da», adierazi zuen.

EH Baik ere auzitegiaren erabakia gaitzetsi du: «Haserre handia eragiten duen deliberoa». Izan ere, herritarrentzat kaltegarria iruditzen zaie: «Helegitea pausatzearekin, Ipar Euskal Herriko biztanleek bertan bizitzeko duten eskubidea urratzen da».

Erabakiak erabaki, borrokan jarraitzeko asmotan da EH Bai: «Etxebizitza arloan, ezin dugu denbora gehiago galdu». Horregatik, Joko arauak alda ditzagun kanpainarekin jarraituko dute, eta esan dute lanean jarraituko dutela Herrian Bizi plataformaren barruan ere. «Espekulatzaileen kontra, gure etxebizitzak diru iturri gisa kontsideratzen dituztenen kontra hartzen diren iniziatiba guziak sostengatzen ditugu». Etxebizitza eskubidearen alde egiteko, Frantziako Asanbleako bozetan EH Bai bozkatzeko ere eskatu diete herritarrei: «Heldu den ekainaren 12an, EH Bairen bozka papera da joko arauak aldatu nahi dituen bakarra».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.