EH Bilduko eledun Maddalen Iriartek leporatu dio Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluri Euskal Herriaren subiranotasunaren inguruko jarrera «otzandu» izana. Zehazki, uste du gobernuak uko egin diola Europako Batasunari kontsulta subiranisten inguruko argitasun zuzentarau bat eskatzeari, eta Espainiaren esku utzi duela afera. Urkulluren esanetan, baina, Jaurlaritzak aukerak «zabaldu» ditu azken proposamenarekin.
Urkulluk Korsikatik eskatu zion Espainiari «estatuaren eredu berri bat» lortzeko urratsak egiteko, «lurralde desadostasunari» eta «estatu ereduaren krisiari» erantzuteko. EH Bilduko eledunaren iritziz, baina, Madrilera gehiegi begiratzen ari da lehendakaria, eta jokabide horrek Espainiari azken hitza izateko aukera ematea dakar: «Zure gobernuarentzat, Espainiak betoa ezartzeko boterea du euskal gizarteak etorkizunari buruz egin dezakeen edozein akordioren inguruan».
Beraz, Iriartek salatu du «atzerapausoak» eman dituela Jaurlaritzak «Euskal Herriaren burujabetzaren defentsan», erreferendum bati bide emateko Europari eginiko eskaerak Espainiaren balizko adostasun batekin lotu dituelakoan. Modu horretan Euskal Herriaren eskubideak «gutxiesten» dituela leporatu dio, baita erabakitze eskubidea aldarrikatzeak «haustura guneak» eragingo dituela asumitu izana ere.
EH Bilduko bozeramaileak adierazi du «subiranotasun materialez eta botere politikoz» jabetzeko unea dela: «Inor bazterrean utzi gabe, baina erreferentziarik gabe, inoren betorik onartu gabe». Hala, Urkulluri gogoratu dio Eskoziako erreferendumak erakutsi zuela bide horretan urratsak egiteko modua badagoela. Kontrara, Espainiari «gero eta gehiago obeditzeak» PSE-EEk gero eta eskaera gehiago egitea dakarrela uste du.
Izan ere, azken egunetan EAJko eta PSE-EEko gobernukideen artean talka eragin du subiranotasunaren inguruko aferak. Jeltzaleek Urkulluren proposamena defendatu dute, EAJk eta PSOEk Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezen inbestidurarako egindako akordioak hura babesten duelakoan. Sozialistek, baina, uko egin diote bide horretan urratsak egiteari, argudiatuta Eusko Jaurlaritzako gobernu itunak ez duela halakorik jasotzen.
Aukera gehiago
Urkulluren esanetan, helburua da mekanismoak ezartzea bermatzeko Europako Batasuneko estatu kideetako eta haien barruko «komunitate politikoetako» parlamentuek hartutako erabakiak errespetatuko direla, haiek «parte diren estatu kideko subiranotasun, subiranotasun partekatu edo interdependentzia estatusaren gainean erabakitzeko asmoa» adierazten dutenean. Horretarako, argitasun zuzentaraua tresna posibleetako bat da, lehendakariaren hitzetan, baina ez bakarra: «Kontua ez da ateak ixtea eta aukera bakar batera mugatzea».
Horrek, baina, ez du bat egiten EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek aurrez esandakoekin. Hark espresuki adierazi zuen jeltzaleek eskatzen dutela «Europako Batasunaren araudiaren barruan argitasun zuzentarau bat jasotzea»: «Europako Batasunarekiko duten estatusari buruz erabakitzeko borondatea argi eta garbi eta zalantzarik gabe adierazten duten erkidego politikoek beren etorkizunari buruz herritarrei galdetzea ahalbidetzen duten mekanismoak izan ditzaten». Hala adierazi zuten jeltzaleek Europaren Etorkizunari Buruzko Konferentzian ere.