Biztanleria

Mende eta erdiko eraldaketa

XIX. mende hondarretik hona, Ipar Euskal Herriko biztanle kopurua doblatu da. Hamarkadaz hamarkadako bilakaeraren azterketa egin du Peio Etxeberri Historia-Geografia irakasleak, eta zenbait irakasbide atera ditu. Azken urteetako emendatzeak aldaketa franko ekartzen dizkio lurraldeari.

BERRIAren infografia interaktiboa; egin klik, ikusteko. BERRIA
Iñaki Etxeleku.
2022ko ekainaren 3a
12:02
Entzun

INSEE, Frantziako Estatistika eta Ekonomia Azterketen Institutuak biztanleriaren bilakaerari buruz atera dituen zenbakiek irakurgarritasun zerbait dakarte Ipar Euskal Herriak izan dituen aldaketez. 1876tik 2019ra, mende bat eta erdiz, Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoak izan dituzten bizilagun-andana aldaketak bildu ditu BERRIA egunkariak, eta Peio Etxeberri bigarren mailako Historia-Geografia irakasleak bilakaeraren azterketa egin du Ipar Euskal Herriko Hitza-rentzako.

Zientzia alor franko gurutzatuko lituzkeen azterketa xehea behar lukete datuek. Bizkitartean, ohargarri da nola, XIX. mende hondarrean, Baxenabarrek eta Zuberoak biztanle galtze bat izan zuten. Etxeetako alaba-seme guzien hazteko ahalik aski ez izateak eragin emigrazio edo erbesteratzearen seinale. Halaber, argi da bi mundu gerlek eragin duten odolustea hiru lurraldeetan. Azken hamarkadetako oldeak, berriz, jendetza azkarki emendatu du epe laburrean, horrek dituen gizarte ondorioekin.

Gehiago eta hiriko

«Orokorki, datuak argiak dira, 150 urtez, Ipar Euskal Herriaren jendetza azkarki emendatu da», hasi da Peio Etxeberri Historia-Geografia irakaslea; 165.000 biztanletik 315.000ra hazi da Ipar Euskal Herria. «Ber denboran, Euskal Herri osoarentzat, emendatzea %285 izan da». Hiru milioi biztanlez goiti dituen herrian birkokatzeko Ipar Euskal Herria. «Azpimarratzekoa da Iparraldearen pisua Euskal Herrian gutitu zela XXI. mendera arte —%16 1860. urtean; % 9 2000. urtean—. Azken urteetan, portzentajea emendatzen da berriz», azaldu du Etxeberrik.

Gizartearen izatea bera aldatu dela dio irakasleak: «Bernardo Atxagak izendatzen zuen Euskal Hiria indartzen ari da. Gaur egun, euskal herritarren gehiengo bat hiritarra da, laurden bat eremu periurbanizatuetan bizi da, eta, azkenik, landa eremuetan gelditzen dira biztanleen % 17».

Baxenabarrek eta Zuberoak Euskal Herri mailan zuten biztanle pisua, berriz, apaldu egin da, azkarki: duela mende bat eta erdi %9 ordezkatzen zuten, eta orain, %1,5.

Emigrazioa eta industrializazioa

XIX. mende bukaeran, Ipar Euskal Herria bere osotasunean hartzen baldin bada, Etxeberrik dio, oro har, biztanleria mantendu zela: «Emigrazio azkar bat izanez ere —aipatzen da 100.000 jende joan zirela—, sortze tasa azkarra izanki, solde naturala positiboa zen». Xehetasunetan sartuz, ohargarri da Zuberoan emendatze bat gertatu zela bi mendeen arteko jauzian. «Maule hiriak izan zuen dinamikak espartingintzaren inguruan bilakaera esplikatzen du».

Aro berean, Lapurdin ere «industrializazio prozesuak hiritartzea ekarri zuen. Baionak 27.000 biztanle zituen, eta Biarritzek garapen izugarria izan zuen —2.000 biztanle 1851n; 18.000 1911n—». Baina, lehen mundu gerlak sekulako desmasia ekarri zuen: 6.000 gizon hil ziren. 1930 inguruan berriz emendatu zen doi bat jendetza Ipar Euskal Herrian, baina ez luzerako. Bigarren mundu gerlak ere bere ondorioak ekarri zituen.

Orekatik desorekara

XIX. mendean oraino ageri da ez zela hozka hain handia itsasbazterraren eta mendialdearen artean. Herritargoa orekatuago zen lurraldean. «Iparraldea landa eremu bat zen; atzematen ziren laborari ainitz Lapurdiko itsasbazterrean ere», erran du Etxeberrik. XX. mendeko lehen hamarkadetan hasi ziren gauzak bestelakotzen. «Zuberoak biztanleak galdu ditu aski goizik, Baxenabarrek mugimendua segitu du, baina abiadura motelagoarekin».

Besterik izan da Lapurdin. Partikularki bigarren mundu gerlatik landa, BAB, Baiona-Angelu-Biarritze hirigunea hasi zen azkarki handitzen. Angeluk, gerla biharamunean dozena bat mila biztanle zuen, eta 1982ko 30.000rat iragana zen. «Geroztik, BAB hirigunearen inguruan, garatu dira lehen gerriko bat —Hiriburu, adibidez—, eta, azken denboretan, bigarren gerriko batek hazkunde azkarra du», Senperetik Bidaxunera, Uztaritze eta Hazparnen barna.

Heliotropismoa

Desorekak zalu joan dira. Barnealdea husten ari zen oraino duela zenbait urte. Iduri luke, Baxenabarren, segurik, joera aldatuz doala azken urte hauetan.

Frantziatik etorri jende batentzat tira izan du lurraldeak. Ipar Euskal Herria ez da leku bakarra fenomeno hori bizi duena, Etxeberrik dioenez: «Europako edo munduko espazio ainitzetan bezala, erran genezake mundializazioaren ondorioak edo ezaugarriak izan ditugula: lehen fasean, heliotropismoa edo balneotropismoa —eguzkia edo itsasoa xerkatzea—, baita metropolizazioa ere —hiri handietan kokatzea—».

Mugikortasunak, edo jende klase batentzat garraioak merke izateak, bere ondorioak izan ditu, bestalde: «Jendeek ez dute dudatzen hegazkinez joatea lanerat eta Iparraldean bizitzea». Lurraldearen saltzeko egin komunikazio eta promozio kanpainak ere aipatu ditu irakasleak: «Aski da ikustea etxe agentziek aipatzen dituzten argumentuak jendeak Iparraldera ekarrarazteko; agertzen da gure lurraldea inbertsio leku bat bezala ikusia dela eta ez dira gordetzen, orain, luxuzko eremua bilakatzen dela azpimarratzeko».

Nahiz horren neurtzea zailago den, ideologia xenofobo bateko biztanle berri mota batek ere Ipar Euskal Herria hautatu luke, azken urteetan: «Batzuetan entzuten da gure eskualdea ez dela baitezpada koloretsua… Maluruski, argumentu hori ere erakargarria da jende batzuentzat».

Beti, goititze biziki azkarra izan du Ipar Euskal Herriak; bereziki, azken 50 urteetan: 100.000 biztanlekoa —1968an 218.637 biztanle zituen, 2019an 315.673—. Lapurdi itsasaldean metatzen da nagusiki jendea, eta dentsitate handiko hiriak egin.

Desoreka soziala

Emendioak segituko omen du ondoko urteetan. 30.000 jende gehiago aipu dute proiekzio batzuek. «Azken urteetan jende anitz etorri da, Landetatik, Parisko edo Bordeleko eskualdetik», azaldu du Etxeberrik. Baliteke hala segitzea, baina non kokatzeko? «Lapurdik segituko du hazkunde inportante batekin, Baxenabarrek irabaziko ditu jendeak —azken urteetako zenbakiak ikusita—, eta Zuberoa desafio handi baten aitzinean egonen da; arriskua litzateke gune batzuek despopulazio bat izatea».

Euskal Herri guziak duen demografia fenomeno bat azpimarratu du, horrez gain: «Populazioaren zahartzea eta gazteriaren pisu ahultzea. Etortzen diren jendeen artean, anitz haurrik gabe dira».

Merkatuaren araberako bilakaera horretan, desoreka sozioekonomikoak ere gero eta ageriagoak dira; «aski da gure herria begiratzea ikusteko, adibidez, gastro diren jatetxe kopuru handia edo luxuzko autoak lehen baino aise gehiago direla». Ipar Euskal Herriak migrazio balantze positiboa badu ere, gutiago aipatzen da lurraldetik joaten den jendea: «Azpimarratu behar da jende batzuk behartuak direla joatera Iparraldetik —etxebizitza prezioekin loturik—, eta, azken zenbakien arabera, hemengo populazioaren %12 pobrezia handi batean bizi dela».

Ekonomia eta ekologia

Ez du Baionako hiriguneak beste Europako hiri handi batzuen hein bereko jende tinkatzerik oraino. Horiek horrela, «populazioa, baita aktibitateak ere, orokorki, itsasbazterrean kontzentratuak dira». Gehiago dena, ekonomian hirugarren sektorea da nagusi: «Kualitatiboki, ekoizpen aktibitateak badira, baina emeki-emeki zerbitzuek gero eta leku garrantzitsuagoa dute; ondorio okerrak ukan ditzakete, hala nola enpleguaren prekaritatea».

Presio demografiko horrek ondorioak baditu lur eta etxebizitzen bilakaeran; «bizitegientzat eta laborantzan, krispazioak eta tentsioak» handitzen ari dira. «Ingurumenari begira ere arazoak sortzen ditu, izan espazio naturalen babesteko, izan kutsaduraren aldetik». Adibide gisa: nagusiki autoa erabiltzen dute Ipar Euskal Herriko egoiliarrek, gaur egun.

Ondorio linguistikoa

Etxeberri baikorren aldekoa da lurraldearen hizkuntza bilakaerari buruz. «Historialariaren ikuspuntutik, azpimarratu behar da Euskal Herrian, bere neurrian, aniztasun kultural bat izan dela betidanik», dioenez. Argi dauka olde demografiko berriak nolako eragin linguistikoa duen: erdaldunak nagusi dira gero eta gehiago. «Euskara kinka txarrean da, euskaldunen kopurua ttipituz doa, baina ezin dugu ezkorrak izan», Etxeberriren ustez: «Jadanik desagertuak izan behar ginen, ontsalaz!».

Gazteenen artean euskararen ezagutza doi bat berriz jin dela dio. Ikastetxe elebiduneko irakasle gisa duen esperientzia aipatu du: «Irakasle gisa, ohartzen gara, noski, erdaldun ainitzen arribatzeak hiztunetan euskararen presentzia ahultzen duela, baina, aldi berean, integratzeko manera gisa ikusia da gure hizkuntza. Desafio handia dugu prozesu hori sendotzea eta azkartzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.