Literatura

Tsvetaievaren eta Sciasciaren lanak Literatura Unibertsala bildumara

Joxe Mari Berasategik euskaratu du Tsvetaievaren Ene anaia femeninoa, bi lesbianaren harremanari buruzko maitasun eskutitz bat, eta Gaizka Ugaldek Sciasciaren Todo modo, gogoeta filosofikoen eta nobela beltzaren arteko nahasketa bat.

Manu Lopez, Lander Majuelo, Gaizka Ugalde, Joxe Mari Berasategi eta Joxean Muñoz, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Andoni Imaz
2022ko ekainaren 2a
18:39
Entzun

Itxura berrituta iritsi dira Literatura Unibertsala bildumako bi liburu berriak. Ohiko ilustrazioak eta koloreak atzean utzi, eta diseinu soilago batekin aurkeztu dituzte Marina Tsvetaievaren Ene anaia femeninoa eta Leonardo Sciasciaren Todo modo. Marko zuri baten barruan, Alain Urrutia artistak margolan bat egin du bakoitzaren azalerako: bi esku elkarri helduta ageri dira batean, errebolber bat eta arrosario bat bestean. Gaur aurkeztu dituzte, Donostian, Joxe Mari Berasategi eta Gaizka Ugalde itzultzaileek, Lander Majuelo Igela argitaletxeko editoreak —Erein bildumakidea ere ordezkatzen—, Manu Lopez Gaseni EIZIEko lehendakariak eta Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak.

Edizio berria izanik ere, bi liburuak ezberdinak dira itxuraz: bata, 50 orrialde inguruko eskutitz fin bat, bi lesbianaren harremanari buruzkoa; bestea, 180 orrialdeko nobela bat, gogoeta filosofikoen eta nobela beltzaren arteko nahasketa bat.

Tsvetaieva 1892an jaio zen, Moskun, eta 1941ean hil, Tatarstango Jelabugan (Errusia). Poeta gisa nabarmendu zen, eta, egun, XX. mendeko errusiar literaturako idazle garrantzitsuenen artean dago.

1932an idatzi zuen Ene anaia femeninoa, eta 1934an berrikusi. Mon frère feminin. Lettre à l'Amazone du jatorrizko izenburua, eta Natalie Clifford Barney idazle estatubatuarrak 1918an idatzitako Pensées d'une amazone-ri emandako erantzun bat da. 1989ko edizioa baliatu dute itzulpena egiteko, eta Ghislaine Limonten gibel oharra ere erantsi diote.

Gutunaren gai nagusia lesbianen arteko maitasuna da; «zehatzago esanda, adin tarte dezenteko bi lesbianaren artekoa». Baita horietako baten amatasun desira ere, eta desira horrek harremanean duen eragina. «Ia mende bat igaro da, eta gaia puri-purian dago, borroka feministari esker». Ugalketa lagundua Espainian eta Frantzian berriki arautu izanarekin lotu du Berasategik.

«Tsvetaieva ez da kontentatzen halabehar edo fatalitate baten moduan agertzen zaion hori deitoratzearekin; orobat du goraipatzen emakumeen arteko amodioa, nahiz eta garai haietan —eta gaur— homosexualitatea kriminaltzat jotzen zen eta erlijioak kondenatzen zuen», esan du.

Bestelakoa da Sciasciaren Todo modo. Idazlea Siziliako Racalmuto herrian jaio zen (Italia), 1921ean, eta Palermon hil, 1989an. Eleberria, 1974koa, hainbat gauzaren nahasketa bat da, Ugaldek azaldu duenez: narrazio bizi bat da, umorez josia, baina badu saiakeratik ere.

Itzultzaileak hiru lerro marraztu ditu kontakizunean. Bata, narratzailearena: kultura gizon bat da, arrakasta izan duena, baina aspertuta dagoena, dena errazegia zaiolako. Hala, autoan abiatuko da, askatasunaren bila. Leku berezi batera iritsiko da, han dagoen jendearengatik, eta erregistroa aldatuko da: «Botereari buruzko diskurtso bat dago, baina tonua satira batena da». Hor bigarrena. Eta hirugarrena, badagoela talde horretan guru bat, «figura gogoangarri bat», norgehiagoka filosofiko bat izango duena narratzailearekin.

«Hiru lerro horiek erpin batera heltzen dira, eta erpin horretan irakurlearen parte hartzea behar da. Buruari eragiteko liburu bat da, eta aldi berean oso dibertigarria», esan du Ugaldek. Todo modo da hark itzuli duen fikziozko lehen lana, eta aukera eskertu dio EIZIEri: «Konturatu naiz fikzioa itzultzeak narrazioaren indarra biderkatzea dakarrela. Asko disfrutatu dut».

Tsvetaievaren poesia euskaratu izan da, baina argitaratzen zaion lehenengo liburua da Ene anaia femeninoa. Sciasciaren bi lan daude euskaraz lehendik: Itsaso ardo kolorea (1991) eta Hontzaren eguna (1991).

Bilduma, egokituta

Majuelok kontatu duenez, edizioarena ez da Literatura Unibertsala bildumak izan duen aldaketa nagusia: batzorde bat eratu dute zenbait aditurekin, eta argitalpenen zerrenda berritu, egokitzeko «gaur egungo sentsibilitateetara eta irakurle berrien beharrizanetara». Horri esker, zerrenda pluralagoa da orain: «Ez dago hainbeste gizon eta hainbeste europar; korrekzio beharrezkoa, ikusita zelako aberastasuna dagoen beste kontinenteetan eta beste hizkuntzetan».

Bestalde, Muñozek adierazi du Eusko Jaurlaritzak aurkezpenean egon behar zuela Literatura Unibertsala bilduma «garrantzitsua» delako harentzat, irakurleei munduko literatura euskaraz ematen dielako, eta, bereziki, idazleentzat lagungarria delako: «Euskal prosa zabaldu eta aberastu da Literatura Unibertsalak eta oro har itzulpenak egin duen langatik». Esan du inportantea dela irakurleak izatea, baina ezin zaiela momentuko salmentei bakarrik begiratu, ezpada liburuek denborarekin utzi duten arrastoari: «Ereite lan bat da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.