Espainiako Auzitegi Gorenaren esku zegoen Estrasburgok urtarrilaren 18an emandako sententzia betearaztea, baina epaileek ebatzi dute ez dutela onartzen Xabier Atristaini 2013an ezarritako hamazazpi urteko zigorra berrikustea. Epaileek argudiatu dutenez, inkomunikazio garaian egindako deklarazioez gain badira deklarazio horiekin lotuta ez dauden bertze froga batzuk, eta, haien hitzetan, horiekin ondorio berera iritsi izanen lirateke «zigorraren oinarrian dauden gertaerei buruzko» epaia ematerakoan. Epaiak zehazten du froga horiek inkomunikazio aldiko deklarazioen harira lortu zituztela, baina, hala ere, hori ondorioztatzen du. Men egin dio fiskaltzaren tesiari, beraz.
Gorenak azpimarratu duenez, Estrasburgoko sententziak dio Atristainen zigorra «nagusiki deklarazioen harira lorturiko frogetan oinarritzen» dela: «Deklarazio horiek funtsezkoak izan ziren material esplosiboa aurkitzeko. Deklarazio horien ondorioz, Poliziak datu eta froga sendoak atzeman zituen zeinak frogatzen baitute eskatzaileak delitu horiek egin zituela». Bada, hori hala izanik ere, hala segitzen du: «Lehergaiak eta demandatzaileari atzemandako material informatikoa izan ziren zigorra ezartzeko oinarriak, baina baita beste akusatuen autoinkulpazio deklarazioak, lekukoen deklarazioak eta akusazioaren galderen aurrean demandatzaileak izandako isiltasuna ere».
Gorenaren arabera, Estrasburgok ondorioztatu du zigorra ez dela berrikusi behar, zeren eta froga oinarria, atzemandako armena, zigortuaren deklarazioa ez zen bertze froga batean oinarritu baitzen. Gorenaren hitzetan, gainera, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ez du «zalantzan» jartzen Espainiako gaur egungo legedia, «ezta delinkuentzia terroristagatik atxiloturikoen inkomunikazio erregimena ere, epaile baten zaintzapean egiten bada, betiere». Auzitegiaren arabera, «justifikatuta egon daiteke, testuinguru horretan, ofiziozko abokatu batek artatzea atxilotua, eta inkomunikaturiko atxilotuaren eskubide batzuk murriztea, baldin eta arrazoiak justifikatzen badira».
Gorenak nabarmentzen du Estrasburgok dioela ez zela egon ebazpen indibidualizatu bat justifikatzen zuena zergatik ez zitzaion utzi atxilotuari berak hautaturiko abokatu bat izaten, baina ohartarazten du adierazi zela «bazirela atxilotuarengan talde terrorista bateko kide izatearen eta lehergaiak izatearen zantzuak, zeinak ekarri baitzuten instrukzio epaileak inkomunikazioa ezartzea».
«Astakeria»
Sortuko Nazio Kontseiluko kide den Haimar Altunaren hitzetan, «aurrekaririk gabeko astakeria» da «Estrasburgoko auzitegiaren aginduari muzin egin eta Xabier Atristainen zigorra ez indargabetzeko erabakia». Sorturen ustez, izan ere, erabaki horrek «erabateko inpunitatea» ematen die «Espainiako Estatuak euskal independentismoaren aurka erabilitako giza eskubideen urraketei». Erabakia «ozen» salatu dute, eta «bidegabekeriaren» aurrean «ahotsa altxatzeko» deia egin diete gainerako eragile politiko, sindikal eta sozialei. Altunaren arabera, Gorenaren epaiak oztopatu egiten du «herri honetan askatasun, bake eta elkarbizitza demokratiko agertoki bat eraikitzea».
Sortuk gogoratu du Atristaini ez ezik bertze euskal presoei ere eragin ziezaiokeela sententziak. Ordea, salatu du «sakoneko estatuak» erabaki duela «aurrera ihes egitea, gai honi justizian oinarritutako arrazoizko aterabide bat eman beharrean; Atristainen eskubide urraketan sakonduz eta Estrasburgok presoen auziari aterabide justu eta logiko bat emateko ireki zuen aukera leihoa itxi nahian». Altunaren hitzetan, horrek agerian utzi du Espainia ez dela «zuzenbide estatu bat».