Azaldu da Arkaiako (Gasteiz) obra batzuetan duela 46 urte aurkitu zuten Bakoren burua: Jon Buesak entregatu du, besteak beste Arabako Batzar Nagusietan EAJren bozeramaile izandakoak. Eusko Jaurlaritzako Uren zuzendaria ere izan zen, eta 1976an obretarako Arabako Aldundiaren ingeniaria zen.
Buesak aste honetan aitortu du berak zuela marmolezko artelana, eta Gasteizko epaile batek behartu du itzultzera. Orain, Arabako Foru Aldundiaren jabetzara itzuli da; Ertzaintzaren eta foru teknikarien artean eraman dute Arabako Bibat arkeologia museora. Han berrikusi egingo dute, eta, benetakoa dela baieztatutakoan, publikoki erakutsiko dute ziurrenik. Balio handiko pieza da, II. mendekoa. Zortzi zentimetroko zabalera eta hamabiko garaiera du, nahiz eta ez dagoen oso-osorik.
Kopia bat?
Jakina zen artelana bere ardurapean izan zuen azken pertsona Buesa zela, aldundiko ingeniaria zen garaian. Ikerketa, ordea, aurten suspertu da berriz, El Correo egunkariak urtarrilean ateratako artikulu baten harira. Foru Aldundiak salaketa jartzea erabaki zuen, eta Buesa deklaratzera deitu zuen epaileak. Orduan esan zuenez, berak zuen artelana kopia bat zen, eta ez zekien benetako pieza non zegoen. Orduan, aldundiak kopia hori entregatzeko eskatu zion, azter zezaten. Ez zuten erantzunik jaso, atzo arte.
Arkaian aurkitutako gainontzeko piezak Bibat museoan daude. Han egon zen erromatarren Suestatium hiria, eta arkeologoek balio handiko informazioa eskuratu dute aztarnategi horretan.