Biologia

Armiarma klase berri bat topatu dute Nafarroan

Gabriel de Biurrun biologoak Bardeetan egin du aurkikuntza. Agroeca istia izena du armiarma motak.

'Agroeca istia', De Biurrunek deskribatutako armiarma klasea. NAFARROAKO UNIBERTSITATEA
Paulo Ostolaza.
2022ko maiatzaren 30a
19:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Liocranidae familiako agroeca istia: horixe da Gabriel de Biurrun biologo iruñarrak deskribatu duen armiarma mota berria. Eguarasko barrutian topatu du, Bardeetan (Nafarroa), eta ez da egin duen aurkikuntza bakarra izan: 124 aipamen berri idatzi ditu (279 eginak zeuden aurretik).

De Biurrunek doktoretza tesi bat osatu du Nafarroako Unibertsitateko Zientzia fakultatean, Enrique Baquero doktoreak zuzenduta: Nafarroako armiarmak. Dibertsitatea eta kokapena. Behaketa sistema digitalak izena du lanak.

Biologo nafarraren lana izan da, nagusiki, Bardeetan armiarmak jasotzea. Urtebetez, hamabost egunean behin jaso ditu laginak, eta horri esker jakin du Nafarroan dauden espezieak zein diren, non dauden eta zein urtarotan azaltzen diren. Horretarako, hainbat gunetan bildu ditu laginak.

Sistema berria

Bildutako informazioa mapen bidez erakusten duen erreminta bat ere sortu du sarean, armiarmazaleentzat. Ez hori bakarrik: makrofotografia sistema bat ere ondu du ikerlariak Raspberry Pi teknologian oinarrituta. Bere ikerketan erabili du, eta, azaldu duenez, argazkilaritza sistema horrek hainbat erabilera ditu: zientifikoa izan daiteke, baina balio du laborategi akademiko baterako, baita naturazaleentzako ere.

Azkenik, biologoak nabarmendu du egunero desagertzen direla hainbat animalia klase, eta horregatik dela beharrezko biodibertsitatea ezagutarazten laguntzen duten proiektuak diruz laguntzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.