Urkulluk eskatu dio Madrili «plurinazionalitatea» onartzeko

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu Korsikara bidaia ofiziala egiten ari da. Bertako agintari politiko eta gizarte eragileen aurrean, Madrili zuzendu zaio: «Estatuari dagokio behar bezala irakurtzea garai berri hau, bere aniztasuna eta pluraltasuna onartzea, eta estatuaren eredu berri bat planteatzea».

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Korsikara egiten ari den bidaia ofizialean. IREKIA
Irati Urdalleta Lete.
2022ko maiatzaren 30a
18:03
Entzun

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Korsikan dago bidaia ofizial bat egiten. Han, erakunde publikoetako eta gizarteko bestelako ordezkarien aurrean, adierazpenak egin ditu. Madrilera begira jarri da. «Plurinazionalitatea» onartzeko eskatu dio: «Gure proposamena da plurinazionalitatea onartzea, aurrera egitea euskal errealitate nazionalaren eta Kataluniakoaren onarpen juridiko eta politikoan, baita sozialean eta kulturalean ere».

Urkulluk Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako autogobernuaren eta Kontzertu Ekonomikoaren nondik norakoen berri eman du Korsikako Batzarran. Gobernantza ereduari dagokionean, esan du agerikoa dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Katalunian eta Espainiako estatuan «gizarte borondate bereiziak» daudela. Horri erantzutearen alde egin du lehendakariak: «Estatuari dagokio behar bezala irakurtzea garai berri hau, bere aniztasuna eta pluraltasuna onartzea, eta estatu eredu berri bat planteatzea». Halaber, lehendakariak defendatu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoa «nortasun propioa duen herria» dela, «mundu globalean bere espazioa» izan nahi duena.

Ekonomiaren arloan, herrialdearen egoera goraipatu du: «Gure per capita Barne Produktu Gordina Europako batez bestekoaren gainetik dago, eta Espainiako batez bestekoa baino %30 handiagoa da». Gainera, gizarteko «oreka» nabarmendu du, baita pobrezia arriskua eta eskola uzte tasa Europako Batasuneko baxuenetakoak direla ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.