ELArentzat, «atzerapausoa» da DSBE berria

Sindikatuak eskatu du lege proiektua bertan behera uzteko, eta berehala aplikatzeko sariaren inguruan 2008ko legeak ezartzen dituen zenbatekoak, sistema berri bat adostu arte.

Lanbideren bulego bat Donostian. JUAN CARLOS RUIZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2022ko maiatzaren 27a
13:34
Entzun

ELAren arabera, «atzerapausoa» da Eusko Jaurlaritzak aurkeztu berri duen DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta aldatzeko lege egitasmoa: «atzerakada nabarmena» da 2008ko legearekin alderatuta. Sindikatuak salatu du Urkulluren gobernuak gizarte laguntzak murrizten jarraitzen duela, eta horren adibide dela DSBE berria. Azpimarratu du pobrezia handitzen ari dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta gero eta herritar gehiago geratzen ari direla egungo babes sistematik kanpo. «Ez du ELAk bakarrik esaten; Eusko Jaurlaritzaren Pobreziaren eta Gizarte Ezberdintasun Inkestak honela dio: pobrezia arriskuan dauden 100 pertsonatik, laguntza sistemak 30 lagun pobreziatik kanpo uzten ditu; 37 pertsonak babesa dute, baina ez die uzten pobreziatik ateratzen; eta gainerako %33ak soilik ateratzen dira pobrezia egoeratik».

DSBEa aldatzeko lege egitasmoari buruzko hausnarketa kaleratu du ELAk, txosten batean, eta horren ondorioak gaur aurkeztu dituzte Mikel Novalek eta Janire Landaluzek, Azterketa Bulegoko kideek. Hauek puntu edo kritika nagusiak.

Dirua, berdin edo gutxiago

2008an onartutako legeak DSBEaren zenbatekoa SMI lanbide arteko gutxieneko soldataren arabera ezartzen zuen (1.000 eurokoa 2022an), baina, ELAren arabera, arau hori ez da bete 2012tik, DSBEaren zenbatekoa urtero Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan ezarri delako. Eta lege berriarekin gauza bera gertatuko dela salatu du, SMIaren erreferentzia kendu egin baita.

Lege proiektuak oinarrizko zenbateko bat ezartzen du bizikidetza unitate guztientzat —bizitzeko gutxieneko diru sarrera: 491,63 euro—, eta, hortik aurrera, osagarri sistema bat ezartzen du etxe berean bizi diren pertsona heldu bakoitzeko eta adin txikiko bakoitzeko, eta egoeraren araberako beste osagarri batzuk ere bai; adibidez, pentsiodunei dagokienez eta lau kideko edo gehiagoko bizikidetza unitateei dagokienez.

Oro har, ELAk dio zenbatekoak oraingoen antzekoak izango direla. DSBE orokorra 737,44 eurokoa izango da, 2022an indarrean zegoena baino 10 euro gehiagokoa. Eta, pentsiodunei eta lau kideko edo gehiagoko bizikidetza unitateei dagokienez «zertxobait» handiagoa izango den arren, salatu du 2008ko legea aplikatzearen emaitzaren oso azpitik geratuko litzatekeela.
2008ko legearekin alderatuta, berriz, 300 euro gutxiago izango dira DSBE orokorrean, eta beste horrenbeste pentsiodunen bat duten bi pertsonako bizikidetza unitateetan.

Baina, murrizketekin batera, badaude hobetzen ez diren beste puntu batzuk, ELAren arabera. Etxebizitzarako laguntza osagarriak eta gizarte larrialdirako laguntzak, adibidez. Larrialdi laguntzak ez dira eskubide izango aurrerantzean ere, orain arte bezala; alegia horietarako bideratutako urteroko diru sailak bukatzean, ez dira gehiago banatuko.

Onuradun gehiago; kontrol gogorragoak

Erroldatze epean ere ez da aldaketarik egongo: oro har, hiru urtekoa izango da. 2008ko legean urtebetetik hiru urtera aldatu zen. ELAk, halere, gogoratu du bizitzeko gutxieneko diru sarrera jasotzeko urtebeteko erroldatzea eskatzen dela.

Kolektibo jakin batzuei, berriz, malgutu egingo zaizkie DSBEa jasotzeko baldintzak: errefuxiatuak, sexu esplotazioaren biktimak, indarkeria matxistarenak... Hala ere, ELAk uste du horrek gastu mailan izango duen eragina urria izango dela. Aldiz, salatu du laguntzaren «ohiko onuradun eta talde ugarienei» baldintzak gogortuko dizkietela . «Kide bakarreko familiak, pentsiodunak eta ardurapean adingabeak dituzten familiak izango dira kaltetuenak».

Era berean, talde batzuen «kriminalizazioa» salatu du. Onuradun batzuek egiten omen dituzten «iruzurrak aitzakia hartuta», hainbat kontrol mekanismori eutsiko zaie, eta zigorrak ezarri ahalko dira. «Lanbideko ikuskatzaileek agintaritzaren agente gisa jardungo dute, eta, besteak beste, onuradunen etxera edo lanpostura sartu ahalko dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.