EUSKAL PRESOAK

Goreneko fiskaltzak ez du nahi Atristainen zigorra berrikusterik

Estrasburgoko urtarrileko sententziaren ondoren, Xabier Atristainen defentsak berrikuspen helegite bat jarri zuen Espainiako Auzitegi Gorenean, 2013an jarritako hamazazpi urteko zigorra bertan behera uzteko eskatzeko. Fiskaltzaren arabera, ordea, haren zigorra ez zen oinarritu soilik torturapean egindako deklarazioan: froga gehiago daudela dio. Fiskaltzaren arabera, halaber, Atristaini buruzko sententzia ezin zaie bertze presoei «automatikoki» aplikatu.

Espainiako Auzitegi Gorenaren eraikinaren irudi bat, atzokoa. EMILIO NARANJO / EFE
maddi ane txoperena iribarren
2022ko maiatzaren 27a
11:21
Entzun

Espainiako Auzitegi Goreneko fiskaltzaren iritziz, ez da berrikusi behar Xabier Atristaini 2013an jarritako hamazazpi urteko espetxe zigorra. 2010ean atxilotu eta torturatu zuten Atristain, eta aurtengo urtarrilaren 18an Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen Espainiak giza eskubideak urratu zizkiola euskal presoari, inkomunikazio aldian konfiantzazko abokatu bat aukeratzen ez uzteagatik. Estrasburgoren arabera, prozesu «justu eta ekitatezko» bat izatea eragotzi zion Espainiak Atristaini hala. Sententzia hori Espainian betearazteko berrikuspen helegite bat jarri zuen Atristainen defentsak Espainiako Auzitegi Gorenean —hori da Estrasburgoko sententziak Espainian aplikatzeko modua—. Bada, fiskalaren ustez ez da beharrezkoa sententzia hori berrikustea. Fiskalak iritzi dio torturapeko deklarazioa ez ezik bertzelako froga batzuk ere erabili zituztela Atristain zigortzeko. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak argi aski azaltzen duenez, ordea, konfiantzazko abokatu bat aukeratzen utzi ez izanak zalantzan jarri zuen «ondoko zigor prozeduraren ekitatea», akusatuaren deklarazioa froga gisa hartu baitzuten. Dena den, fiskalarena iritzi bat baino ez da, eta Goreneko epaileek erabaki beharko dute Atristainen sententzia berrikusi ala ez.

Estrasburgoko sententziaren aplikazio orokorrari buruz ere eman du iritzia Goreneko fiskaltzak. Haren arabera, ezin da modu «orokor eta automatikoan» aplikatu Atristainen doktrina: kasuz kasu aztertu beharko lirateke auziak, modu «indibidualizatuan». Ezker abertzaleak eta euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduek azken asteotan eskatua dute Atristainen doktrina aplikatuta modu berean zigortutako bertze euskal preso guziak ere aske uzteko. Nolanahi ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak jada aplikatuak ditu Atristainen irizpideak bertze epaiketa batzuetan: Gorka Palacios eta Juan Carlos Iglesias euskal presoak absolbitu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.